'NEURE KABUZ'

Bizikidetza gizabidetzen

Jexux Artetxe 2021ko eka. 4a, 08:30

Askok lan eskerga egiten ari dira bizikidetzaren ‘zoru etikoa’ gure kale eta auzoetan finkatzeko, belaunaldi berriei elkarren arrenkurarik gabeko bizitokia utz diezaiegun. Iraganari begira, indarkeriaren bidegabekeria adierazi behar diegu gure ondorengoei, irakaspen etiko nagusiena bezala har dezaten, eta inoiz ahaztu ez dezaten nolako kalte eta sufrimenduak eragin dizkigun guztioi. Baina, asmo horri ez dio batere mesederik egiten gaizkile edo gaizkide izan direnen goraipamen publikoak. Abiaburu honetatik hasita, galde liteke zein den biktimagileek eduki behar duten lekua etorkizun hurbileko Euskal Herrian.

Bortxa bidegabe horretaz baliatu zirenek, bide galgarri horri bukaera eman diote, eta hori ez da gutxi. Baina, gure arteko bizikidetza gizabidetzea nahi badugu, esan beharra dago hori ez dela lortzen soilik hiltzaileek (edo beren lankide izan direnek) hiltzeari utzi diotelako. Onar dezagun garai berri baten aurrean gaudela. Baina, garai berri hauetan ere, aurrekoaren lorratzak diren jarrera kaltetsuak ari zaizkigu agertzen. Hortxe koka genitzake ETAkoa izan den herritarrari bere inguru politikoan direnak egin ohi dioten ‘ongietorri goresgarria’, eta baita ere torturadore ezagunari botere nagusiak ematen dion ‘domina laudagarria’. Iraganaren memoriak ezin du sufrimenduaren eragintza goretsi.

Ezin daiteke bizikidetza indartu biktimagileen ibilbideari sari morala ematen bazaio. Ezin daiteke bizikidetza gizatiartu justiziari jaramonik egin gabe. Biktimagilea izan denak gizabidetzeko aukera probesten badu, bere buruaren eta gizarte osoaren mesederako gerta daiteke. Biktimarioak justiziari eta bizikidetzari eskain liezaiekeena bere ibilbide kriminalaren autokritika da, eta egindako kalte bidegabea aitortzea. Horixe da belaunaldi berriei egin diezaiekegun irakaspenik emankorrena.