COVID-19

Asteazkenean kasu bat baieztatu dute Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 3a, 13:17

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ekainaren 2ko datu epidemiologikoak bildu, eta txostena argitaratu dute. Horren arabera, ekainaren 2an positibo bakar bat baieztatu dute Lasarte-Orian. Urteko seigarren hilabetean, oraingoz, lau kutsatze baieztatu dituzte. Eremu horian jarraitzen du herriak; intzidentzia-tasa metatua 220,53 da.

Datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.690 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia bederatzi (%8,9). Gehien-gehienak sendatu badira ere, tamalez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Eskualdea, eremu horian

Beterri-Buruntza eskualdean 11 kutsatze atzeman dituzte ekainaren 2an: bost Andoainen, hiru Hernanin eta bana Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen. Astigarragan ez dute bakar bat ere diagnostikatu. Aipatutako sei udalerri horiek eremu horian jarraitzen dute.

EAEko hiru lurralde historikoetan 301 kasu detektatu dituzte; horietatik 99, Gipuzkoan. 9.070 PCR eta antigenoen proba egin dituzte; positibotasun-tasa %3,3 izan da. Koronabirusa dela medio, Osakidetzako ospitaleetan 161 pertsona daude erietxeratuta; sintoma larriak dituzte 91k, eta ZIU unitateetan daude. Asteazkenean 39 paziente erietxeratu behar izan dituzte.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak: dosi bakarreko txertoak

Txintxarri Aldizkaria 2021 eka 01 Gizartea