Noiz bihurtu zaizkigu musukoak katamalo?
Azken asteetan musukoaren erabileraren inguruan irakurtzen jardun naiz komunikabideetan. Datuen eboluzioa eta txertaketa kanpaina direla medio, laster bere erabilera arinduko dela aurreikusten dute aditu zein agintariek.
Uste baino okerrago jaso dut berri hori, ez baitakit prest ote nagoen aurpegi erdi estali gabe mundura ateratzeko. Eta ez naiz kutsatzeko beldurraz ari, biluzteko beldurraz baizik. Lehengoan hamalau urteko ikasle batek musukoa jantzita eramateak segurtasuna ematen diola esan zidan, aurpegia estalita edukitzeak babestuago sentiarazten duela, eta, hala da, hala gertatzen zait niri ere.
Laneko lehen egunak arindu dizkit musukoak, ikasleen aurrean totelka hitz egitea saihestu, emozio eta tristura keinuak ezkutatu, ezezagunen aurrean seguruago sentiarazi nau.
Musukoa konplexuak estaltzeko eta, nolabait ere, ahalduntzeko elementua bilakatu da askorentzat. Beste batzuentzat, ordea, norberaren potentziala murriztea eragin du, autoestimu eta autoeraginkortasunaren pertzepzioan oinazea utziz. Harrigarria da nolako eragina duen gugan “gure zati bat” estaltzeak; aurpegiko zuloak estaltzeak; zuloak batzuren estaltzeak beste batzuen arintzea dakar ezinbestean, harrigarria da, nioen, nola mugatzen gaituen edo nola ahalbidetzen digun ez garen gu hori izatea.
Momentu batzuetan, leku batzuetan, egoera batzuetan, ezezagunen aurrean…musukoa kentzea beste norbaiten aurrean kuleroak eranztea bezalakoa da, gaur egun irribarrea erakustea biluzteko modu bat delako; lehen ere bai, akaso, baina ez hainbeste.
Eta berriz galdetzen dizuet; kaos guzti honen erdian, noiz bihurtu zaizkigu musukoak katamalo? Zergatik bihurtu zaizkigu musukoak katamalo?