'SOMOTO AUZIA'

Lasarte-Oriako Udala: "Argitu nahi diren gertaerak azaltzeko aurrerapauso garrantzitsua eman da"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 27a, 13:22
Ana Urchueguia alkate ohia, artxiboko irudi batean.

Lasarte-Oriako Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du. Somoto auziaren harira, Ana Urchueguia alkate ohiaren aurka kereila jarri zuen, eta horren gainean epaitegiek ebatzitako autoen berri eman du.

Maiatzaren 10ean, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak onartu egin zuen udalaren errekurtsoa, auzia behin-behinean artxibatzearen aurkakoa. Kausa hori instrukzio epaitegiari itzuli zion. Sei egun beranduago, hilaren 16an, Donostiako Instrukzioko 3. zenbakiko epaitegiak jakinarazi zuen "prozedura laburrarekin jarraitzea" agindu duela, Somoto auzian gauzatutako gertaerak "diru publikoen bidegabeko erabilera eta prebarikazio delituak" izan daitezkeelakoan. Akusazioei ahozko epaiketa eskatzeko idatzia aurkezteko epea ireki du.

"Aurrerapauso garrantzitsua"

Udalak, kereila jarrita, argitu nahi du gertaera horiek nolakoak izan ziren. Norabide horretan, "aurrerapauso garrantzitsua" eman dela uste du. "Somoto auzia delitua izatekotan, balizko irregulartasunak eta horietatik eratorri litezkeen erantzukizunak argitzeko konpromiso argia" adierazi du.