ESKUALDEA

STEAM prestakuntza osagarria eskainiko du Usurbilgo Lanbide Eskolak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 25a, 10:01

STEAM gaitasunak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) indartze aldera, Usurbilgo Lanbide Eskolak sei orduko errefortzua eskainiko du ikastetxean eskaintzen diren ziklo guztietan. "DBHko gero eta ikasle gehiagok aukeratzen dute Lanbide Heziketa; etorkizunean unibertsitatera joan ahal izateko, prestakuntza osatzeko aukera eman nahi diegu".

STEAM prestakuntza osagarri horren bidez, Batxilergoan lantzen diren gaitasunak indartzeko aukera emango du Usurbilgo Lanbide Eskolak. Curriculumeko arlo hauek jorratuko ditu: Robotika eta Programazioa (Arduino, Scratch, Python), Matematika, Fisika, Kimika, Gaztelania eta Filosofia (pentsamendu kritikoa). Horretarako, Lanbide Heziketan honezkero frogatuak izan diren metodologia aktiboak eta tresnak erabiliko dituzte, hala nola, robotak eta hezkuntza simulagailuak. 

Ikastetxeko zuzendari Isidro Zalduak adierazi duenez, STEAM gaitasunak irakasterako orduan "diziplina anitzeko erronkak" planteatuko ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak, "errealitatearekin zerikusi zuzena izango dutenak". "Lan-munduak erronka berriei aurre egiteko gai izango diren teknikariak prestatzea eskatzen digu; arazo konkretuak konpontzeaz gain, ibilbide luzeagoko irtenbideak eskaintzeko gai izan beharko dute". 

Zikloen eskaintza

Usurbilgo Lanbide Eskolak eskaintzen ditu bost familia profesionalei dagozkien Goi Mailako eta Erdi Mailako heziketa zikloak, euskaraz zein gazteleraz, honako espezialitate hauetan: Instalazioa eta Mantenua, Energia eta Ura, Administrazioa, Elektrizitatea, eta Elektronika eta Mekanika. Lanean ari diren pertsonentzat, edo langabezian daudenentzat, "ikastaro eskaintza zabala" du ikastetxeak.

Zikloetan izena emateko epea maiatzaren 31n zabalduko da, astelehenarekin, eta ekainaren 18an amaitu, ostiralez. Matrikulatzeko edo zalantzak galdetzeko, 943 36 46 00 telefonora deitu daiteke, adkomunikazioa@lhusurbil.eus helbidera mezu bat bidali, edo lanbide eskolaren web-orria kontsultatu.

 

Erlazionatuak