ESKUALDEA

Elkarlanean ariko dira Usurbilgo Lanbide Eskola eta Instagi

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 19a, 11:49
Argazkia: Usurbilgo Lanbide Eskola.

Elektrizitatearen eta telekomunikazioen arloan, datozen hamar urteetan, hamar langiletik lauk erretiroa hartuko dutela aurreikusten du Instagi Gipuzkoako Instalatzaile eta Mantentzaileen Erakunde Enpresarialak. Horren ondorioz, elkarlanean aritzeko akordioa sinatu du Usurbilgo Lanbide Eskolarekin. Besteak beste, erreleboak egin behar dituzten enpresak ikastetxearekin jarriko dira harremanetan, ikasleek bertan egin ditzaten praktikak edota hezkuntza dualeko egonaldiak; gero, enpresetan lanean jarraitzeko aukerak izango dituzte.

Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendari Isidro Zalduaren hitzetan, "irtenbide profesional paregabea" eskainiko die hitzarmenak zentro horretako ikasleei. Instagiren aurreikuspenen arabera, datozen hamar urteetan errelebo dezente egin beharko dituzte enpresek: elektrizitatearen eta telekomunikazioen sektorean beharginen %37,40 jubilatuko dira; iturgintzako, gaseko eta termikoko instalatzaileen kasuan, aldiz, langileen %33,19.

Metodologia berrikusten

Don Boscorekin eta Tolosaldeako zein Usurbilgo Lanbide Eskolekin ariko da lankidetzan Instagi. Plantillan berrikuntzak egin behar dituzten lantokiak ikastetxeekin jarriko dira harremanetan, eskoletako ikasleek bertan egin ditzaten praktikak eta hezkuntza dualeko egonaldiak. Horrez gain, akordioa sinatu dutenek adostu dute ikasgeletako metodologiak berrikustea, estudianteek egiten dituzten erronkek ahalik eta zerikusi handiena izan dezaten enpresetan topatuko dituzten egoerekin. 

Horrez gain, arestian aipatutako sektoreetako profesionalak hitzaldiak ematen ari dira Usurbilgo Lanbide Eskolan; haien ogibideei buruzko gorabeherak, sekretuak eta bestelakoak partekatzen ari dira ikasleekin.