Datu ofizialen arabera, 2020ko martxoaren 18tik gaur arte 1.645 herritar kutsatu ditu koronabirusak, biztanleriaren %8,6. Pertsona horietatik 22 ez dira osatu, eta bizia galdu dute. Osakidetza eta Osasun Saila kutsatzeak neurtzen hasi zirenetik, 2020ko azaroa izan da intzidentzia gehieneko hilabetea Lasarte-Orian (275 kutsatze detektatu ziren).
Bost positibo eskualdean
Beterri-Buruntza osatzen duten sei herrietan bost kutsatze detektatu dituzte maiatzaren 18an: bina Hernanin eta Usurbilen, eta bat Lasarte-Orian. Udalerri guztiak eremu laranjan daude, Andoain eta Urnieta izan ezik (horian daude).
Kutsatzeek gora berriro ere
EAEko hiru lurralde historikoetan 368 kasu diagnostikatu dituzte asteartean (bezperan baino 78 gehiago), horietatik 113 Gipuzkoan. 8.873 PCR eta antigeno-proba egin dira kutsatze berriak atzemateko; horien positibotasun-tasa %4,1 izan da.
Egoera oraindik lasai egoteko modukoa ez bada ere, Osakidetzako ospitaleetako presioa arintzen ari da egunez egun. Plantetan 246 pertsona (astelehenean baino hamar gutxiago) daude ingresatuta; horietatik 131 (-2) ZIU unitateetan daude, sintoma larriak dituztelako. Asteartean 48 paziente (+5) erietxeratu behar izan dituzte koronabirusagatik.