Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman dute Zapategi kaleko bizilagunen egoera

Txintxarri Aldizkaria 2021eko maiatzaren 18a

Maiatzaren 14an egin zuten bilera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Argazkia: Kaleratzeak Stop.

Kaleratzeak Stop plataforma eta Zapategi kaleko bizilagunen zenbait ordezkari batzarkideekin elkartu dira, eta bi gauza eskatu dizkiete: batetik, organu horrek erraztu dezala bizilagunen eta etxebizitzaren arloko lurralde ordezkariaren arteko bilera; eta bestetik, Batzar Nagusiak jarri daitezela harremanetan etxebizitza horien jabeekin, PBP Gestión de Arrendamientos y Alquileres enpresarekin.

Babes ofizialeko zenbait etxebizitza daude Lasarte-Oriako Zapategi kalean. Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira eraikin horietan bizi diren herritarren zenbait ordezkari eta Kaleratzeak Stop plataforma. Bi gauza eskatu dizkiete: batetik, erraztu dezatela  bizilagunen eta etxebizitzaren arloko lurralde ordezkariaren arteko bilera, "gehiegizko alokairuak" ordaindu ezin dituzten familiei "irtenbideak" eskaintzeko; eta bestetik, PBP Gestión de Arrendamientos y Alquileres SL enpresarekin harremanetan jartzeko, familiek ordaindu beharko dituzten alokairuak tarteko –700 eta 900 euro artekoak, egungoak baino nabarmen altuagoak–, ez dadin egon etxegabetze-eskaerarik.

Alokairu "neurrigabeak" 

Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez, Zapategin bizi diren familiek ezin dituzte merkatu pribatuko alokairuak ordaindu, Gipuzkoan "neurrigabeak" direlako prezioak. "Batez beste, 1.028 eurokoak dira, Bartzelona edo Madrilgoak baino garestiagoak". 

Batzar Nagusietara joan, eta EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdietako kideekin elkartu dira. Bizilagunak ordezkatu ditu, adibidez, Lolik, hilabetero 900 euroko diru-sarrerak dituen pertsonak, eta Edurnek; erretiratu, eta 750 euroko pentsioa kobratzen du hilero. "Enpresak proposatu dituen gehiegizko alokairuak ezingo dituzte ordaindu", azaldu du Kaleratzeak Stop-ek.

"Etxebizitza eskubide bat da, eta ez negozio orokor bat; Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak alokairuaren prezioak ez kontrolatzeko asmoa adierazi du", gehitu du plataformak. "Pandemia betean, prezioek gora egiten jarraitzen dute: Zapategi kalekoak %50 eta %100 artean igotzea proposatu du PBPk".