Zapategi kaleko babes ofizialeko etxebizitzetako 52 familia, etxegabetuak izateko arriskuan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 29a, 13:36
Plataforma salatzaileek 2020ko urrian egindako mobilizazio baten argazkia.

Gaur egun ordaintzen dituzten alokairuak bikoiztuko dituen kontratu berri bat sinatu, edo abuztu amaieran giltzak entregatu eta kalera joan. Bi aukera horiek eskaini dizkie PBP Gestión de Arrendamientos y Alquileres SL enpresak Zapategi kaleko 1, 3 eta 5 portaletan duela ia hogei urtetik bizi diren familiei. Haien egoera salatu, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolari "urgentziazko bilera" egiteko eskaera gogoratu diote Stop Desahucios, Alokairu eta Inquilinos Azora plataformetako kideek. Martxoaren 15ean egin zuten eskaera.

Lasarte-Oriako Zapategi kaleko 1, 3 eta 5 portaletan bizi diren 52 familia abuztuan etxegabetuak izateko arriskuan daudela salatu dute Stop Desahucios, Alokairu eta Inquilinos Azora plataformek. Etxebizitzen jabeak, PBP Gestión de Arrendamientos y Alquileres SLk, familiei jakinarazi die edo kontratu berri bat sinatzen dutela, edo abuztuaren 31n giltzak eman eta joan egin behar dutela. Gaur egun 350 eta 500 euro arteko alokairuak pagatzen dituzte; enpresak 700 eta 900 artera igo nahi ditu, hogei urteko babes-aldia amaitzear dela argudiatuta. Kopuru horiek lau urteko epean igoko dituzte, progresiboki. 

Plataformek "konponbideak" eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari, eta bilera bat Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolari. "Martxoaren 15ean egin genuen eskaera, eta atzeratzen ari da". Lasarte-Oriako Udalari galdegin diote bitartekaritza-lana egiteko, "martxoaren 2ko bileran adostu bezala".