'NEURE KABUZ'

Lasterka

Gorka Alvarez 2021ko mai. 15a, 09:00

Lasterka joaten da gure bizia. Azkar doa, abiadura bizian. Garai hauetan motel dabilenak galtzeko guztiak ditu antza. Hiztegi pandemikoarekin ezinbestean ohituta gauden honetan, abiadura eta erritmo kontuek, epeek, hartu duten garrantzia izugarria da.

Konfinamendu garaiarekin hasi, azkenaldian ere zer esan ugari ematen ari zaigun alarma egoeraren amaierarekin jarraitu eta tartean barneratu ditugun PCR, antigeno, aldaerak, ZIU, etxeratze-agindu eta beste hainbat hitzez osatu genezakeen hiztegi pandemiko honek, ezaugarri komun batzuk dituzte; epeak eta denborak.

Azkar irten nahi izan genuen etxetik bertan izan ginen aste luzeen ostean, azkar altxa nahi izan dira daten araberako murrizketak kapitalaren izenean, azkar joan ginen lanera. Abiadura bizian barneratu ditugu diagnosi frogen epeak eta bakoitzak zer suposatzen duen. Zuzen aplikatu behar izan ditugu dekretu bidez edota etengabeko eraldaketan izan diren agindu berrien arauak. 

Ziztu bizian betetzen dira gure ospitaleak, zorigaitzeko xomorroa festara irteten denean, zoritxarrez ere, oso azkar galtzen ditugu ingurukoak gaitzak bete betean harrapatzen baditu eta abiadura handiko zorigaiztoko anabasa honetan, abiadura hori gehien behar dugun unean, huts egiten ari zaizkigu hainbat eta hainbat alor.

Txertoari so eginez azken urtea. Iritsi da unea eta lehenik txertoa nork aterako azkarren ibili dira borrokan. Ez du laguntzen txerto sendo eta fidagarri bat gizarteari aurkezte aldera. Hasi dira lehenak txertatzen. Komunikabide batzuk tartean, gizartea oraindik gehiago nahasi eta prozedura guztia nahasten. Bide horretan txertatze erritmoa eskas doakigu oso, batzuek besteen teilatuetara pilotak boteaz abiadura motelaren errudun bihurtzen dute albokoa. Orain abiadura behar denean, ez daukagu abiadura handiko azpiegiturarik, ez daukagu pertsonalik, ez daukagu zerbitzu egokirik. Daukagun bakarra pertsonak dira eta gure osasun sisteman publikoan egunetik egunera, hauek bai abiadura bizian, lasterka eta asko eta asko euren bizia arriskuan jarriaz, oinazeak nahiz oztopoak gaindituz aurrera ateratzen laguntzen digutenak dira beti. Lasterketa honetan zapatila onenak izan gabe, instalakuntza onenak izan gabe eta errelebuak eman behar direnean laugarren errelebukidea askotan falta delarik ere, beti albokoari lagundu eta lasterkari guztiak helmugara iritsi daitezen laguntzen duten abiadura handiko pertsonak ditugu.

Gizarte bezala daukagun ardura eta norbanako bakoitzaren konpromezua ezinbestekoak izango ditugu, osasun sistemari lagundu eta egoera larri eta garratz hau atzean uzteko.