Udaberrian ere herriko komertzioetan kontsumitzeko kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 12a, 11:10

Lasarte-Oriako establezimenduetan erosketak egitea sustatzeko asmoz, Aterpea elkarteak eta udal-ordezkari batzuek Udaberriko Festa aurkeztu dute Hipodromo Etorbidean, Maya lentzeria-dendaren atarian.

Kanpaina hori maiatzaren 17tik 28ra gauzatuko da, bi egunak barne (astelehena eta ostirala dira, hurrenez hurren). Tarte horretan herriko komertzioetan erosketak egiten dituzten herritarrek saria izango dute, Aterpeak 1.500 euro banatuko baititu erosketa-txarteletan. Elkarte horretako lehendakari Miguel Angel Prietok eta Udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek lasarteoriatar guztiak animatzen dituzte Udaberriko Festan parte hartzera. Fernandezek gehitu du "funtsezkoa" dela Aterpeak Lasarte-Orian burutzen duen lana. "Beti izango gaituzue alboan, garatzen dituzuen ekimenekin laguntzeko".

Marrazki-erakusketa

Garaikoetxea-Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako 750 haurrek parte hartu dute Aterpeak luzatutako proposamenean: orri bat hartu, eta koloretako arkatzekin irudikatu dute zer gauza polit gertatu zaizkien azken urte eta bi hilabete hauetan, COVID-19aren pandemiak 2020ko martxotik gure egunerokoa irauli zuenetik. Lasarte-Oriakoetakoek ez ezik, inguruko herrietako ikastetxeetako neska-mutilek ere parte hartu ahal izan dute ekimen horretan. 

Marrazki horiek guztiak ikusgai izango dira maiatzaren 17tik 21era, Udaberriko Festaren kanpainan parte hartu duten 44 establezimenduetan. Dendaz denda joan beharko dute haurrek, margolanak aurkitzeko. Hori egiten dutenean, negozio bakoitzeko arduradunek opari bana emango diete: bisera zuri bat, Aterpea elkartearen irudi korporatibo berria inprimatuta daramana. 

Erlazionatuak

Irudi korporatibo berria aurkeztu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2021 mai 08 Gizartea