Irudi korporatibo berria aurkeztu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 8a, 10:00

Bigarren gaztaroa hasi nahi du Lasarte-Oriako merkatarien elkarteak. Hori azaleratu eta ikusgarri egiteko, irudi korporatibo berri bat sortu du zenbait baliori lotuta. Elkarteko hainbait kideri eta udal ordezkariri ezaguratarazi diote kultur etxean egindako aurkezpenean. Hain zuzen ere, Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandez, udaleko enplegu dinamizaziorako teknikari Dionisio Alvarez, EAJ-PNVko zinegotzi Boris Nogales eta EH Bilduko Jon Martin izan dira saioan, hamabost bat merkatarirekin batera. 

Albo banatan, elkarteko lehendakariorde Ana Laureano eta Artsier establezimenduko Asier Esparza zituela,  bertaratutako guztiei eskerrak emanez ekin dio Aterpeako lehendakari Miguel Ángel Prietok ekitaldiaren hasierako hitz hartzeari. Bereziki, elkartekideei "garai zail eta nahasi hauetan" saltokiak zabalik dituztelako, "gertuko merkataritza baten alde eginez. Gertukoa, profesionala eta enpatikoa. Meritua baduzue". Txaloekin erantzun diote bertaratutakoek aitortzari. 

Hobetzeko eta berritzeko bidean urrats bat gehiago egin nahian, Aterpeak irudi korporatiboa gaurkotu du. "Berriagoa da, baina urteotako esentzia eta tradizioa ahaztu gabe", zehaztu du Prietok, eta sarrerako hitz horiek amaituta, Esparzari eman dio lekukoa, burututako lanaren azalpena egin zezan. 

Izenak berak argi uzten du zein den asmoa: Aterpea 2.0. "Berritzeko beharra baitzuen markak", aitortu du Esparzak. Marka elkarteak izan nahi duenarekin bat ote datorren galdera abiapuntu hartuta ekin zion birdiseinuari.

Orain arteko elementu gakoa zen ferra, "ikono bilakatu da, ezaguterraza", beraz, hura gorde du; baina itxura aldatuta, nahiz eta Aterpeakoa dela argi ikusteko moduan. Izenaren A ere mantendu du, eta biak batzen dituen isotipoan –izenik gabe ulergarria den anagrama– uztartu ditu. 

Ez da hori aldatu den gauza bakarra. Tipografia ere ordeztu du, "erraza eta minimalista" den batekin; eta orain arteko koloreak baztertu ditu, urdinaren alde egiteko. Kolore hori hartu du "freskoa delako eta oxigenoa ematen digulako. Pandemia garaian eta musukoarekin horrenbeste behar izan dugun oxigenoa". 

"Beldurra" eragiten duen Urbil merkataritza gunearen aurrean, udalerriko merkatari txikiek dituzten ezaugarriak nabarmendu ditu: betiko merkataritza, etxe azpian dagoena, "zenbat balio du horrek? Zenbat balio izan du pandemia garaian?"; sei kilometro koadroko azalera eta 84 bazkide.

Irudi berri horrekin egin daitezkeen zenbait merchandising aukera ere erakutsi ditu:  "A" itxurako heldulekua duten erosketa poltsak, globoak, giltzatakoak, elastikoak... Udaberriko kanpainan hasiko dira isotipo berria erabiltzen eta urteko bigarren erdian kanpaina bat egingo dute, "orain azalduko ez ditugun gauza batzuekin", markaren berritze prozesua amaitzeko.