Nahiz eta BAIko enpresak antolatutako sailkapen partida ez gainditu, Arteaga II.ak Buruz buruko txapelketa jokatuko du. Egungo txapeldun Erik Jakak ezingo du txapelketan parte hartu eta herritarra izango da bere ordezkoa. Gaur, 11:00etan, Donostiako Kursaalen egingo da EPEL Buruz buruko txapelketako aurkezpena eta Arteaga II.a bertan izango da
Erik Jaka ondoezik sentitu zen igandean joakte ari zen neurketan eta ospitalera eraman zuten. Azterketak egin eta periokarditisa diadnostikatu diote. Lau eta zortzi aste artean beharko ditu osatzeko eta beraz, ezingo du asteburu honetan hasten den txapelketa lehiatu.
Axier Arteaga, Arteaga II.a, pozik eta atsekabetuta dago. "Alde batetik lankide baten lesioarengatik sailkatu izana, pena edo tristura ematen dizu lankidearen egoeragatik; bestetik, poza ere sentitzen da txapelketa jokatzeko beste aukera bat delako. Denek nahi dugu txapelketa jokatu. Azken urteetan pilotari gutxik, enpresako 6 pilotari oenenk parte hartzen dute eta hor egotea pozgarria da".
Aurretiko sailkapen partida motorrak berotzeko balio izan duela eta bere helburua "iazko itxura hobetzea" izango dela onartu du. "Nire bertsio onena kantxan ateratzea dut buruan. Horrela, arerioei lanak emango dizkiet ni garaitzeko. Partidetan eta kantxan ondo sentitzea eta irabazi edo galdu egindakoarekin etxera joatean ondo sentitzea".
Gaur eguerdiko aurkezpenera arte Arteaga II.ak ez du jakingo bere lehen arerioa zein den. Hala ere, maila handiko txapelketa izango dela jakitun da herritarra. "Enpresa bakoitzeko sei pilotaririk onenak, lehen mailakoak eta punta puntakoak izango dira lehiakide eta tokatzen dena tokatzen dela partida gogorra izango da edo zail izango da irabaztea. Baina ez da ezinezkoa izango. Lehen partidara ilusioz joango naiz eta ea parida ona jokatzerik dudan".