Bigarren mailako buruz buruko txapelduna izan zen iaz Arteaga II.a. Ohikoa da txapelketa horretako irabazlea zuzenean buruz buruko txapelketan parte hartzea. Baina COVID 19a dela eta, enpresek parte-hartzaile kopurua mugatu behar izan dute, sei pilotari eta BAIko enpresak bere azken hautagaia erabakitzeko Artega II.a eta Artolaren arteko aurretiko partida antolatu du. Ez da ezustekoa izan herritarrarentzat. "Banekien zail izango zela hautatutakoen artean egotea. Gainera, iaz ere bigarren mailako txapeldunak aurretiko sailkapen partida jokatu behar izan zuen eta beraz, aurten ere horrela izango zenaren susmoa nuen".
Buruz buruko txapelketara fisikoki ongi iristen zela aitortu du, "Fisikoki ongi prestatu dut txapelketa. Ongi aurkitzen naiz fisikoki eta bikotekako txapelketako azken partidak ere ongi egin nituen".
Eskuetatik nahi bezala iritsi ez arren, partidan arazorik izan ez zuela azpimarratu du. "Eskuetatik ez naiz iritsi nahi nuen bezala. Oso justu ibili naiz. Entrenatzeko etab. arazo batzuk izan ditut. Partidan uste baino hobeto ibili nintzen. Eskuak sendatzen ari dira eta ez dago aitzakiarik horregatik."
Ezin bere jokoa egin
Artolaren aurkako partida zaila izango zela bazekien Axier Arteagak eta argi zuen bere jokoa zein izan behar zuen. "Artola kolpez ni baino sendoagoa dago eta banekien menderatuko ninduela tanto askotan. Sakeaz baliatu eta ahalik eta azkarren tantoa amaitu behar nuen".
Partidan, ordea, ezin izan zuen teoria praktikan jarri eta horregatik goibel dagoela onartu du. "Gehiago borrokatzea espero nuen, Artola estutasun handiagoan jartzea eta partida barruan egotea. Baina ez nuen lortu eta triste nago horregatik. Ez nintzen gustura geratu egindako lanarekin eta emaitzarekin".
Izan zituen aukerak ez zituela ongi aprobetxatu ere nabarmendu du Arteaga II.ak. "Nik ez nituen aprobetxatu izan nituen aukera urri horiek. Bi sake izan nituen eta gero bi gantxo ez nituen gurutzatu, txokoan utzi nuen zabaldu beharreko pilotakada bat... Nik aukera gutxi horietan barkatu nuen eta Artolak, berriz, partida osoa egin zuen".
Izan ere, Artolak egindako lana txalotzen baitu herritarrak. "Artolak gauzak ongi egin zituen. Sakean ongi ibili zen eta eskuinarekin ere oso bizi jo zuen pilota".
Oporraldia iritsi baino lehen txapelketa garrantzitsurik ez du izango Arteaga II.ak. Hala ere, sortzen diren partidatan "ahalik eta maila onena ematen saiatuko" da herritarra. "Partidetan sentsazio onak izan eta horietan ikasten joatea da helburua".