'NEURE KABUZ'

Amaren Eguna

Aizpea Amas 2021ko mai. 7a, 09:00

‘Zorionak ama!’ batekin esnatu ninduten, igandean. Ez nintzen gogoratu ere egiten. ‘Ama ere zoriondu beharko dut’ pentsatu nuen nire artean. Igande arratsaldea elkarrekin pasatu genuen, eta segurtasun aholkuei momentu batez itzuri eginez, besarkada bat ere eman genion elkarri. Pandemia dela eta, ama ikusterik ez duten horietaz gogoratu nintzen. Zenbatek pasatu ote dituzte hilabeteak eta hilabeteak besarkada bat emateko aukerarik eduki gabe?

Etxera bueltatzerakoan, Zumaburuko plazan, ama-semeak ikusi nituen banku batean eserita. Amak lore sorta eder bat zeraman eskuan. Auskalo noiztik ariko zen hura eusten, bankuaren albo batean uztea esker txarrekoa izango balitz bezala. Semeek edozein bazterretatik bildutako loreak ematen dizkidatenean gauza bera pasatzen zait, non utzi ez dakidala, ximel-ximel eginda bukatzen dute eskuetan. Nolakoak diren/garen amak…

Aurten, Amaren Eguna Maiatzaren Lehenaren biharamunean tokatu da. Izan ere, Aitaren Egunak ez bezala, ez du egun propiorik amarenak, eta maiatzeko lehenengo igandean ospatzen da. 

Hala ere, Langileen Eguna eta Amaren Eguna asteburu berean kointziditu izanak zer pentsatua eman dit. Inork ez du Langileen Eguna loreak oparituz edo pastel bat janez ospatzen. Egia da, Amaren Egunaren funtsa esker ona adieraztea izaten dela, baina amak kalera ere irtengo bagina? Langileek bezala, amek ere badugulako zer aldarrikatu; hala nola, kontziliatzeko neurri gehiago —hamar ametatik seik beren lan ibilbideari uko egin diote seme-alabak zaintzeko—, zaintzaren erantzukidetasunerako baliabideak, eta, zergatik ez, sei hilabeteko baimena edoskitzearengatik. Gora amen borroka!