Azkorteko Baselizaren Lagunak elkarteak jarduna etetea eta lekukoa uztea erabaki du, hainbat hamarkadaz Santikutz eguna (maiatzak 3) izan eta hurrengo igandeko ospatzeko elizkizuna eta hamaiketakoa antolatzen lagundu ostean. Naturala izan da erabakiaren arrazoia, bizitzak eta denboraren joan-etorriak berak eragindakoa. Azken urteetan gero eta kide gutxiago elkartzen ziren ermitan, mezaren ostean, sabela betetzeko hamaiketako ederra egin eta kontu-kontari aritzeko. Gaur-gaurkoz, Sebastian Kerejeta (Lasarte-Oria, 1934) da bizi den kide historiko bakarra; beste guztiak zendu egin dira honezkero.
Kerejetarekin elkartu dira El Diario Vasco egunkarirako Lasarte-Oriako kronika egiten duen Txema Valles eta erreportaje honen lerroak idazten ari den kazetaria, ordubete inguruz. Gozamen hutsa izan da herritarraren bizipenak, anekdotak eta istorioak entzutea. Utziz gero, bi orri ez, hamasei ere idatziko lituzke TXINTXARRI-k erraz asko. Oraingoz behintzat, Lasarte-Oriako historiaren zati den ospakizun berezi horri buruz hitz egingo dugu, eta baita antolaketa-lanetan jardun duten pertsonez ere.
Sebastian Kerejetak artikulu bat baino gehiago idatzi izan du gai horri buruz TXINTXARRI-n. Horietako bat, 1999ko apirilaren 30ean: "Azkorteko baselizak sei mendetik gora ditu", zioen titularrean. Manuel Lekuona zenak gai horri buruz idatzitakoari aipamena eginez, Azkorteko ermitari buruzko aurreneko erreferentziak XIV. mendeko zenbait ikerlarik egin zituzten. "Aspaldiko ohitura" omen da Santikutz egunean baselizara igo eta maiatzaren 3a giro ederrean ospatzea. Urnietako eta Lasarte-Oriako bizilagunek parte hartu izan dute ekintza berezi horretan.
Azkorteko ermitari buruzko aurreneko erreferentziak XIV. mendeko ikerlariek egin zituzten
Gaur egun, Urnieta arduratzen da Santikutz eguneko ospakizunez; lasarteoriatarrak, berriz, hurrengo igandean joaten dira. 1848. urtean adostu zuten horrela egitea, Oriako auzotar ugarik Brunet oihal-fabrika ezagunean lan egiten zutelako, eta, egun berezi hori asteguna izanez gero, ezin zutelako baselizara igo eta ospakizunetan parte hartu. "Auzotar horiek gurtu egiten zuten ermita, eta Urnietako erretorearengana joan ziren, eskatzera baseliza uzteko mesedez, Santikutz egunaren osteko igandean meza egin ahal izateko", jakinarazi du Kerejetak. "Baietz erantzun zien elizgizonak, baina baldintza batekin: haiek antolatu behar zutela guztia, eta gero, ermita garbi utzi".
Ermita egun berezi horretan erabiltzeaz gain, mantenu-lanez ere arduratzen ziren herritarrak. Arestian aipatutako artikuluan, 1999an idatzi zuen horretan, Kerejetak zehatz-mehatz deskribatzen du zer nolako laguntza eman zuten zenbait baserritarrek: Oria-Txikitik –Oriako frontoiaren aurrean zegoen– idi eta behiekin abiatu eta teilak garraiatzeaz arduratu ziren. 1911n ekin zioten baseliza berritzeari. Urte batzuk lehenago, 1833 eta 1839 urteen arteko gerra karlistan, ermita erretzea agindu zuen Leopoldo O'Donnell jeneralak. "Herritarrak zeharo lur-jota geratu ziren", Kerejetak artikuluan esaten duenez.
Azkorteko Baselizaren Lagunak
Arbasoek ospatutako hori "tinko" mantentzeaz arduratu dira azken hamarkadetan Azkorteko Baselizaren Lagunak elkartea osatu duten kideak, Goikoetxe (erregistroan izen honekin azaltzen da, baina Bitoria Enea ere deitzen zaio) baserriko Sebastian Kerejeta barne. "Baselizaren iparraldeko baserritarrek eta Lasarte-Oriako zenbait bizilagunek parte hartu izan dute batzordean", gogoratu du. Baserrien izenak aipatzen hasi da gero, eta bota bezala jaso ditugu artikulu honetan: Zabaleta, Sausta Haundi, Bernarda Enea, Miracampos, Elkezabal, Telleri, Zapal, Oria Gain, Goikoetxe, Zapal, Baso Haundi eta Garratza.
Meza antolatzerakoan, apaiza bilatu behar izaten zuten elkarteko kideek. Gipuzkoan barrena ibiltzen ziren, herriz herri eta ordenaz ordena, pertsona hori topatu arte. "Tolosako sakramentinoak, Donostiako Amara auzoko kaputxinoak... Kongregazio askotako elizgizonek eman dituzte mezak Azkorteko baselizan". Kilometro ugari eta izerdi asko botatzen zuten zeregin horretan, urte batean Urnietako erretore On Iñaki Aranzadik horren berri izan eta honakoa esan zien arte: "Baina nola urtez urte apaiz bila ibiltzen zaretela? Azkorteko baseliza nire barrutiaren baitan dago, eta niri dagokit bertako elizkizunak gidatzea".
On Iñakiri buruz hitz egitean, anekdota bat etorri zaio burura Kerejetari. Barre egin, eta kontatzen hasi da: "Meza hasi aurretik, prestaketa-lanak egin genituen elkarteko kideok, eta beranduago banatu beharreko ostia-zatiak aldarean zegoen mahaiaren azpian utzi genituen; bedeinkazioa emateko orduan ez genituen igo, eta Iñakik, hori ikusita, banatzeko modukoak ez zirela erabaki zuen".
Azkorteko lagunen elkarteak meza emateko apaiza bilatu behar izan du hainbat urtetan
1970. urteko hondamendia
Apaizek, normalean, baseliza barruan eman izan dituzte mezak, baina ez beti. 1970. urtean, inguruko harrobi baten zulatze-lanen ondorioz, ermita eusten zuten harkaitzak suntsitu eta amildu egin zen eraikinaren zati bat. Hiru urte behar izan zituzten eraikina berriz altxatzeko, baina tarte horretan jarraitu zuten Santikutz egunaren bueltako ospakizunak egiten. 1970tik 1972ra arteko elizkizunak, esaterako, baselizako atarian egin ziren.
txintxarri aldizkarian 1999an idatzitako artikuluan Kerejetak esaten duenez, ermitan gertatutakoa "sinetsi ezinik" geratu ziren Urnietako eta Lasarte-Oriako bizilagunak, baina, Urnietako Udalaren eta auzotarren lanari esker, 1973. urterako berreraiki zuten."Eliza berria egiteko lanak Urnietako udalak ordaindu zituen, baina aipatzekoa da, berriz ere, arbasoen ohiturari jarraituz, inguruko herritarrek auzolanean eskaini zuten laguntza, elizaren barruko garbiketetan edo atariko txukunketa lanetan, baita behar ziren altzariak erosteko dirulaguntza emanez ere".
1999tik, 2021era berriro. Karpeta batetik liburuxka zahar bat atera du Kerejetak. Ireki, eta urteek horitutako orrietan 1973. urteko erregistroa irakur daiteke: herritarren izen-abizenak, eman zuten diru kopurua... Azkorteko Baselizaren Lagunak taldeko kideak azaldu duenez, urte luzez Miracampos baserrian gorde dute koadernoa, eta hemendik gutxira haiei itzuliko die: "Zuei erakusteko asmoz ekarri dut".
Anekdota, pasadizo eta bizipen ugari partekatu ditu Sebastianek bi kazetariekin. Azkorteri buruzkoak gehienak, baina baita beste alor batzuetakoak ere. "Eragile eta elkarte ugaritan ibili naiz, baita ardurako postuetan ere, nahiz eta nik nire burua sekula aurkeztu ez dudan". Ttakun Kultur Elkartea da horietako bat, bera izan baitzen aurreneko lehendakaria, 1991tik 2003ra.
Ttakun KE ere, antolaketan
Azken urteetan maiatz hasieran Azkorteko ermitara joan eta Santikutz egunaren bueltako ospakizunetan parte hartu duenak badaki Ttakun Kultur Elkartea arduratzen dela erromeria antolatzeaz: trikitilariak eta pandero-joleak, Alboka abesbatza, bertsolariak, herri-kirolak, indarrak berritzeko salda, pintxo eta sagardo freskoa... txintxarri-ren artxiboa arakatu bitartean, Sebastianek 1999ko apirilaren 30ean idatzitako artikulu horren ondoan, zatidura batean, grisez, honako hau irakur daiteke: "Ttakun KEk antolatuko du erromeria lehendabiziko aldiz". Lasarte-Oriako Udalak hala eskatuta, herriko euskara-elkarteak hartu zuen egun horri ospakizun-ukitua emateko ardura. Zenbait urtez Elorria baserrian gauzatu zuten hori; handik urte batzuetara, etxealdea botata zegoenean, ermita kanpoaldean. Aurreko paragrafoan aipatu dugu Azkorteko baseliza inguruan ospatzen den festako ekintzak zeintzuk diren. Hori ere aldatu egin da denboraren poderioz. "Basarri eta Uztapide bertsolariak ikusi izan ditut nik kantatzen, bata bestearen ondoan; urte batzuetan plater-tiroa bezalako lehiaketak ere egin izan dira", gogoratu du Kerejetak. "Bola-jokoan aritzeko aukera ere izaten zen, eta eskopeta edo fusil berezi batekin dianari tiro egiteko txapelketa ere izaten zen, terreroa etortzen baitzen".
COVID-19aren pandemiak, beste alor guztietan bezala, festetan eta ospakizunetan eragin du: 2020an, bakoitzak bere etxetik gogoratu behar izan zuen egun berezi hori zertan den; aurten, osasun-egoera une hauetan nolakoa den aintzat hartuta, sinbolikoki ospatu du Santikutz eguna Ttakun Kultur Elkarteak, eta baseliza ingurura hurbildu ziren herritarrei aukera eskaini zien barrura sartu eta ermita barrutik ikusteko.
Ttakun Kultur Elkartea 1999an hasi zen Azkorteko erromeria antolatzen, Elorria baserrian
Etorkizunean, zer?
Ikusteke dago 2022ko maiatzean zer egoeratan egongo den COVID-19aren pandemia, baina, ohiko egitaraua berreskuratzea posible izanik ere, Azkorteko Baselizaren Lagunak elkarteak ez du ekintzen antolakuntzan parte hartuko, eta meza ostean ez da hamaiketakoa egitera bilduko. Batzorde horretan parte hartu izan duten baserrietako ordezkariekin bildu da Sebastian Kerejeta, eta guztiek adostu dute iritsi dela ordua lekukoa uzteko eta orain arte egin izan duten lana egiteari uzteko.
Urteak joango dira, eta iritsiko dira belaunaldi berriak, gaur egungoen testigua hartuko dutenak. Kontuan izan dezatela esaldi hau: "Izan bedi Azkorte, 600 urtean izan den bezalaxe, beste 600 urtean, herritarron adiskidetasuna eta elkarrenganako maitasuna jorratzeko bide eta gai". Horrela itxi zuen Sebastian Kerejetak 1999ko artikulua, eta horrela amaitu du TXINTXARRI-k 2021ekoa.
[DOKUMENTUA] Sebastian Kerejetak 1995eko maiatzaren 12ko TXINTXARRI aldizkarian idatzitako artikulua