Arkaitzerrekara egingo den martxan parte hartzeko deia egin du Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 4a, 10:27
2020ko maiatzaren 9an ehunka arrain hilik agertu ziren Arkaitzerrekan.

Igande honetan, maiatzak 9, urtea beteko da Zubietako erraustegitik egindako isurketa kutsakor batek ehunka arrain hil zituela Arkaitzerrekan. Horren harira, erreka horretara martxa antolatu du Usurbilko Anerreka Ingurumen Elkarteak: zutabe bana aterako dira Usurbildik eta Zubietatik 11:00etan, erdibidean bat egiteko gero. Ekimenarekin bat egin du Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak, eta herritarrei parte hartzeko deia egin die.

2020ko maiatzaren 9an ehunka arrain –horietako zenbait, aingirak, babestutako espeziea– agertu ziren hilik Arkaitzerrekan, Zubietako erraustegitik egindako isurketa kutsakor bat tarteko. Hasiera batean, Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok –GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria ere bada– ukatu egin zuen isuriaren jatorria azpiegitura horretatik zetorrela. Herritarren salaketen aurrean, ordea, amoniako-ihes bat izan zela onartu behar izan zuen, eta Guardia Zibilak baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delituen ikerketa abiatu zuen.

Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkarteak eman ditu azalpen horiek, eta, hondamendi hori gertatu zenetik urtea betetzear dela, Arkaitzerrekara martxa antolatu du. Igande honetan izango da, hilak 9: zutabe bana abiatuko dira Usurbildik eta Zubietatik goizeko hamaiketan. Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak deia egin die herritarrei, ekimen horretan parte hartu dezaten.

"Erraustegiaren segurtasuna eta haren kudeaketaren gardentasuna behin eta berriro goraipatzen duten arren, errealitateak kontrakoa erakutsi digu: osasun-arriskuak, naturari kalteak eta informazioa ezkutatzea", azpimarratu du Anerreka elkarteak. Egoera horren aurrean herritarrak "erraustegia kontrolatzera behartuta" daudela adierazi du eragileak.