Galdeketaren emaitza "etsigarria" dela uste du Lasarte-Oriako Podemos Ahal Duguk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 1a, 10:00

Ezkerreko alderdiak joan den igandean egindako edukiontziei buruzko herri galdeketaren inguruko irakurketa "negatiboa" egin du , izandako parte hartze "eskasa" dela-eta. 

Hedabideetara bidalitako idatzian jaso dutenez, alderdiaren ustez, udal gobernuak "ahalegin handiagoa" egin behar zuen "ekimena zabaltzeko eta horren publizitatea egiteko", erabaki loteslea izan zedin ezarritako %30eko parte hartzera gutxienez iristeko.

Horrekin batera, lortutako emaitzak "batere eztabaidaezinak" ez direla ere nabarmendu dute. Izan ere, %56k kentzearen alde egin dute eta %44k edukiontziak mantentzea nahiago du. Hortaz, egoera "zegoen leku berean" geratu da; eta "etsigarria" deritzote, egindako lana, eskainitako denbora eta galdeketa egin ahal izateko estatuko gobernuari baimena eskatu behar izan zitzaiola kontutan hartuta. 

Edonola, eskerrak eman dizkiete igandean bozketa mahaietara joandako herritar guztiei, udalerrian burututako lehen herri kontsultan parte hartu izanagatik.