Babes ofizialeko etxebizitzetan alokairu sozial babestuei eusteko eskatu diote Iñaki Arriola sailburuari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 28a, 09:00
Donostian agerraldia egin dute Alokairu, Kaleratzeak Stop eta Inquilinos Azora elkarteetako kideek. Argazkia: Inaxio Esnaola/Irutxuloko Hitza.

Agerraldia egin dute Alokairu, Kaleratzeak Stop eta Inquilinos Azora elkarteek Donostian, Eusko Jaurlaritzak Andia kalean daukan egoitzaren aurrean, Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolari "premiazko bilera bat" eskatzeko, berrikus dezan zein egoeratan dauden Gipuzkoako babes ofizialeko etxebizitzen zenbait sustapenen egoerak. Prentsaurrekoan parte hartu dute Lasarte-Oriako Zapategi kaleko 1, 3 eta 5 portaletako bizilagunek. Herriko etxebizitza horien babes aldia 2021eko abuztuan amaituko da.

Azora putre-funtsaren maizterrak eta Lasarte-Oria, Donostia eta Errenteriako babes ofizialeko zenbait etxebizitzatan bizi diren pertsonak elkartu dira Donostian. Gipuzkoako zenbait babes ofizialeko etxebizitzen babes aldiak datorren urteetan amaituko direla nabarmendu dute deitzaileek. Lasarte-Oriako Zapategi kalekoena, esaterako, 2021eko abuztuan bukatuko da. Tolosan, Irunen eta Zumaian, berriz, hilabete lehenago. "Kezkaz ikusten dugu gure etorkizuna; babesa amaituz gero, gerta liteke alokairuak prezioz igotzea edo etxebizitza horiek salmentara ateratzea", ohartarazi dute. "Mailegu bat eskuratu edo salmenta ordaindu ezin badute, etxebizitza horietatik atera ditzakete". Deitzaileek azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzaren "betebeharra" dela etxebizitza publikoetan "espekulazioa eta sustatzaile priobatuen negozioa" saihestea.

Lasarte-Oriako Zapategi kaleko 1, 3 eta 5 portalen babes aldia berritu ezean, 2021eko abuztuan amaituko da

Agerraldian salatu duten kasuetako bat izan da Lasarte-Oriakoa. Babes ofizialeko etxebizitza horien jabea da Gestion de arrendamientos y alquileres. Deitzaileek deitoratu dutenez, alokairu-kontratuak datorren urteko abuztuan berritu beharra baliatzen ari da, horien prezioa %50 handitzeko.  

Bilera eskaera Etxebizitza sailburuari

"Premiazko bilera bat" eskatu diote arestian aipatutako elkarteek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolari. Eskatuko diote EAEn egoera horretan dauden babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei babesa eta babestutako alokairu-erregimena bermatzea eta etxegabetzeen aurkako prebentzio-protokolo bat garatzea. Era berean, elkarteek ohartarazi dute putre-funtsen eta edukitzaile handien etxegabetzerik ez dutela onartuko; eskatuko dute kontratuak zazpi urtez berritzea, KPI Kontsumo Prezioen Indizeari lotutako igoerarekin.

Etxebizitza sozialen parke publikoa handitzea galdegingo diote Arriolari, eta aurrekontua handitzeko. Alokairu sozialeko etxebizitza gehiago egitea eskatuko dute eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko neurri eraginkorrak hartzea, "Euskal Etxebizitzaren Legeak jasotzen duen bezala". Gogoratu dute bost urte igaro direla lege hori onartu zenetik: "Ez da benetako ekimenik hartu merkatu pribatuko alokairuaren prezioaren igoera geldiarazteko eta arautzeko".