Beterri-Buruntzako udalerrietan 39 kasu detektatu dituzte asteazkenean: hamalau Hernanin, hamahiru Lasarte-Orian, sei Astigarragan, lau Andoainen eta bana Urnietan eta Usurbilen. Herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute, Andoain ateratzear dagoen arren.
EAEko hiru lurralde historikoetan 876 kutsatze atzeman dituzte apirilaren 28an, horietatik 386 Gipuzkoan. Osakidetzako beharginek 11.986 PCR eta antigenoen proba egin dituzte positibo berriak diagnostikatze aldera; horien positibotasun-tasa %7,3 izan da. Koronabirusagatik 527 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzan, horietatik 192 ZIU unitateetan, sintoma larriagoekin. Asteazkenean 83 paziente erietxeratu dituzte.