Eskualdean, 42 positibo gehiago
Beterri-Buruntzako herrietan 42 positibo detektatu dituzte azken 24 orduetan: ia erdiak, hogei, Hernanin; Lasarte-Orian, bederatzi; Andoainen eta Urnietan, launa; Usurbilen, hiru; eta, Astigarragan, bi. Eremu gorrian jarraitzen dute sei udalerri horiek.
365 kutsatze Gipuzkoan
EAEko hiru lurralde historikoetan 869 kasu diagnostikatu dituzte asteartean, horietatik 365 Gipuzkoan (%42). Osakidetzako beharginek 12.137 PCR eta antigenoen proba egin dituzte kutsatze berriak atzemate aldera; horien positibotasun-tasa %7,2 izan da. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pandemia kontrolpean izateko gehieneko portzentajea %5 da.
Gaur-gaurkoz 542 paziente daude erietxeratuta Osakidetzan koronabirusagatik; horietatik 184k sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan daude. SARS-CoV-2 birusaren sintomak larriagotuta, asteartean 99 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte.