Erraustegiaren isurien kontrol-egitasmoari buruzko hitzaldia, bertan behera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 28a, 10:05
ToxicoWatch fundazioko kideak, laginak hartzen, Zubietako oilategi batean, 2019ko irailean.

Lasarte-Orian Aire Garbia plataformako kideek jakinarazi berri dutenez, bertan behera utzi behar izan dute ostegun arratsalderako programatutako hitzaldia, Zubieta Lantzen elkartea gauzatzen ari den ikerketa-egitasmoaren emaitzen gainekoa. 

Duela urte eta erdi pasatxo abiatu zuen Zubieta Lantzen elkarteak erraustegiaren isurien azterketa egiteko egitasmo "independente, egiazko eta gardena". ToxicoWatch fundazio herbeheretarra egiten ari da gidaritza teknikoa, eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa bat ere parte hartzen ari da. Aurreneko laginketa 2019ko irailean gauzatu zuten: hondakinak erretzeko azpiegitura horren inguruko zenbait gune identifikatu (Lasarte-Oriako batzuk barne), eta erakusgai ugari jaso zituzten: lurra, ura, sedimentuak, oilo-arrautzak, emakume batzuen ama-esnea... Emaitzak jaso, eta horiei buruzko solasaldiak eskaintzen ari dira herriz herri. Lasarte-Oriakoa, momentuz, bertan behera geratu da.