EH Bilduk lurgaineko edukiontzien aldeko bozka emango duela jakinarazi du

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 20a, 11:29

Alderdiak azpimarratu du Lasarte-Orian hondakinen kudeaketarekin dagoen "benetako arazo nagusia" birziklapen tasa baxua dela, eta horri aurre hartzeko zer-nolako sistema ezarri erabakitzeko galdeketa burutzeko eskaera egin diote udal gobernu taldeari. Azaldu dute igandeko herri-galdeketak ez diola behar bezala erantzuten herriko hondakinen arazoari 

Alderdiak azaldu du galdeketaren helburua lurrazpiko zaborrontziak mantendu ala kendu erabakitzea dela, "lurgaineko edukiontziak ezartzea, hain zuzen". Nabarmendu dutene igandeko galdeketak ez diola behar bezala erantzuten herriko  hondakinen arazoari irtenbide emateko: "Argi dago lurrazpiko zaborrontzien aferarekin arazo bat dugula herri honetan, baina arlo horretan dugun arazo nagusia birziklapen-tasa baxua da; ez gara %50era iristen, Gipuzkoako birziklapen-tasa baxuenetako izanik". Lasarte-Oriako Udalak arazo horri heldu behar diola azpimarratu dute. 

Lasarte-Oriako EH Bilduren ustez, gutxieneko %60ko birziklapen-tasa bermatuko duen sistema ezartzea "ezinbestekoa" da: "Zer-nolako sistema ezarri, herritarrek erabaki beharko lukete eta horrekin egin beharko litzateke parte-hartze prozesua eta herri-galdeketa. Oinarrian, Lasarte-Orian zer-nolako sistema-eredua nahi dugun gure herriarentzat, hori da herritarrek erabaki behar dutena".  


Egun dauden lurrazpiko zaborrontziak mantendu edo horien ordez lurpeko zaborrontziak ezartzearen erabakia, "erabaki teknikoa" iruditzen zaio alderdiari: "Txosten teknikoak argi uzten du lurrazpiko zaborrontzien eredua ez dela eraginkorra, mantentzea oso garestia da, zikinkeria, kutsadura eta arratoi iturria da, eta birziklapena bermatzeko ez da egokia". Horrela, "tamalgarria" iruditzen zaie galdeketa bezalako tresna" baliotsu eta garrantzitsua" lurrazpikoena bezalako afera teknikoak bideratzeko erabiltzea, eta ez, ordea, bilketa-tasa baxuaren sakoneko arazoari aurre egiteko. 

Lurgaineko edukiontzien aldeko botoa

Apirilaren 25eko galdeketan, lurgaineko edukiontzien aldeko botoa emango dutela jakinarazi duten arren, gobernu taldeari eskaera bat egin diote; gutxieneko %60ko birziklapen-tasa bermatuko duen sistema ezartzeko konpromisoa hartzea eta zer-nolako sistema jarri erabakitzeko herritarren parte-hartzea eta galdeketa burutzea.