EAJ lurrazpiko zabor-edukiontziak kentzearen alde agertu da

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 19a, 16:21

Alderdi jeltzaleak uste du behin herri-kontsulta amaituta, bilketa helburuak lortzeko "neurri egokiak" hartu beharko direla

Alderdiko ordezkarien arabera, lurrazpiko zabor-edukiontziek "kostu handiak"sortzen dituzte udal-kutxetan. Udaleko langileek egindako txosten teknikoetan oinarrituz, azaldu dute horien arabera, azken bost urteetan 270.000 € baino gehiago bideratu behar izan direla xukatze-ponpak mantentzeko, beste kontratazio batzuen edo udal-langileen beste kostu batzuk kontuan hartu gabe. Hori kontuan hartuta hartu dute lurpeko edukiontziak kentzearen aldeko jarrera.

Jeltzaleek azpimarratu duten 2020. urtearen hasieran gaiarekiko posizionatu zirela, eta euren iritziz, lurpeko edukiontziak kentzeko erabakia erabaki politikoa da: "Etorkizunera begiratu behar dugu, eta Lasarte-Oriak gaikako bilketaren datuak nola hobetu behar dituen urratsak ezarri. Hobetzeko tarte handia daukagu, eta hainbat ekintzaren bidez eta erabakiak hausnartuta eta adostuta, egungo datuak hobetu ahal izango ditugu".

2020an hainbat proposamen (oposizioarekin batzartu ziren zeintzuk ziren argitzeko) egin zituztela ere gogorarazi dute, baina, azaldu dutenez, pandemia egoera berritik, udal barruan, "ezer gutxi" landu da gaiaren honen inguruan. Alderdi jeltzalearen ustez, behin herri-kontsulta amaituta, bilketa helburuak lortzeko neurri egokiak hartu beharko dira.