Aspaldikoa diot ikastolan genbiltzan sasoian gelakide izan baikinen. Aspaldikoa, urteak direlako elkar ikusi ez dugula, eta aspaldikoa, 50 urte bete-beteak ditugularik ez baikara gazte-gazteak.
Hala ere, gazte ikusi nuen laguna. Neure burua berarekin konparatu nuen, eta zinez gazteagoa iruditu zitzaidan. Bada jendea urteak betetzen ez dituela dirudiena, beti gazte dagoena, beti gazte sentitzen dena, eta hil arteraino beti gazte izango dena.
Gazte izatea oso preziatua da gure gizartean. Jende askok ahalegin handia egiten du gaztetasunari eusteko, edo behintzat, itxura hori emateko.
Dirutza xahutzen da kremak erosten, zimurrak disimulatzen, botox injekzioak jartzen, liftinga egiten, gorputz atal ezberdinetan ebakuntzak egiten… itxura gaztea izateko, guzti horrek gazte mantenduko gaituelakoan. Baina ez ote itxurakeria itsua eta ilusio faltsua? Umetan denok nagusi izan nahi eta nagusitan berriz denok gazte. Zer du gaztetasunak denok sasoi horretan geratu nahi izateko?
Egia da gaztaroa luzatu zaigula. Berrogeita hamar urterekin hogeita hamarrekin egiten genituen gauza berberak egiten ditugu: kontzertuak, lagunekin afariak, kirol jarduerak,… Baina noizean behin, bizitzaren aldarte beldurgarriak aurpegira begiratzen digu eta denbora aurrera doala gogorarazten digu. Gazteen hain gustagarri izaten den ispilu aurrean jarri, eta ikusmena ere galtzen hasia dugularik, badaudela bai, baina ez hainbesterako ezpain ondoko zimur, kopeta gaineko ile urdin eta begi ondoko pinportatxo erreparatzen dugu. Eta zer?
Hauek beharrezkoak dira osasun mental sano eta orekatsu bat izateko. Sasoi bakoitzak ditu bere gauza onak, eta heldutasunak ere baditu bereak: Gazte bizi, gazte pentsatu eta gazte izan naizen seinale.