'DARDARA' FILMA

Marina Lameiro: "Kamerari bira eman eta zaleei begiratzea izan da politena"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko api. 15a, 11:16
Marina Lameiro iruindarrak zuzendu du 'Dardara' filma. Argazkia: 'Dardara' filma.

Apirileko agendako proiekzio deigarrienetako batez gozatu ahalko dute bihar lasarteoriatarrek, Okendo Zinema Taldearen eskutik: Dardara filma proiektatuko dute kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Zuzendariarekin hitz egin du TXINTXARRI-k, Marina Lameirorekin (Iruñea, 1986), ikus-entzunezko horri buruz gehiago jakiteko.  

Berri Txarrak taldearen Ikusi Arte bira dokumentalaren "eszenatokia" izan dela nabarmendu du zinemagileak: "Musikak sorrarazten duen pasioari buruzko luzemetraia da, eta bizitzari buruzkoa ere bai". 

Duela ia hilabete estreinatu zenuten Dardara dokumentala zinema-aretoetan. Zer nolako harrera izaten ari da?

Iritzi guztiak oso-oso onak izaten ari dira, profesionalen aldetik eta zaleengandik, pertsona anonimoengandik, aurreneko hiru asteetan egunero jasotzen nituen mezuak, eskertzak… Oso polita izan da hori guztia jasotzea.

Banekien dokumentala ikusia izango zela, aurreneko astean Espainiar Estatuko top 10ean sartu zen… 10.000 pertsonak baino gehiagok ikusi dute, ez nago ohituta guzti horretara, fokuen erdigunean egotea ez zait gustatzen, anonimotasuna nahiago dut, baina oso polita izan da eta pozik nago.

Ostiral honetan proiektatuko dute filma Lasarte-Orian, eta ikusmina sortu du, sarrerak erosi eta erosi ari dira ikus-entzuleak. Zer ikusiko dute? Nola azaldu Dardara zer den?

Ez da ohituta gauden musika-dokumental mota. Musika badago eta errealitatea ere bai, baina elkarrizketarik ez, esate baterako. Zinema da. Berri Txarrak taldearen bira filmaren eszenatokia-edo da, ez da taldearen ibilbideari buruzko dokumental bat: musikak eragiten duen pasioari buruzko ikus-entzunezko bat da, eta bizitzari buruzkoa ere bai. Pertsona desberdinek hartzen dituzten erabakiak aurrera egiteko; hori unibertsala da.

Noiz proposatu zizuten proiektu honi ekitea? Berehala esan zenuen baietz?

2018. urtea amaitzear zela edo 2019aren hasieran izan zen. Ez zen berehalako gauza izan, ez nire aldetik ez taldearenetik. Proposamena egin eta elkar ezagutu ostean, azaldu nien nolako filma egitea gustatuko litzaidakeen, ikusten nituen aukerak… Abentura honetan sartu aurretik ekoiztetxe bat beharrezkoa zela esan nien, ez handia, baina behar genuela, esperientzia handiko bat, Arena komunikazioarengana jotzea proposatu nien.

Grabaketa-lana noiz hasi zen?

Ikusi Arte biran hasi nintzen. Prentsaurrekoa grabatu nuen aurrenekoz, eta, gero, Lekunberrin eskaini zuten kontzertua.

Bira hori oso zabala izan zen, makina bat kontzertu eskaini zituzten herrialde ugaritan. Zenbatetan egon zinen zu?

Zenbatu nituen, eta guztira 23 kontzertutan izan nintzen. Euskal Herrian, Espainian, Mexikon, AEBetan, Japonian eta Alemaniara bidaiatu nuen grabatzera. Ez zeukan zentzu gehiegirik kontzertu guztiak grabatzea, logistika eta diru aldetik ahalegin handia eskatzen dizu, eta ordu erdiko ikus-entzunezko batean ez da guzti-guztia sartzen.

Kosta egin zaizu ordu eta erdi pasatxoko film hori egiteko materiala aukeratu, eta grabatutako beste hainbat gauza kanpoan uztea?

Nahiko zaila izan da, egia esan. Muntaia momentu zaila izan ohi da, hainbeste material grabatuta… Pertsonaia asko filmatu nituen eta ez nituen guztiak sartu, asko maite nituen gauza ugari utzi behar izan ditut kanpoan, filmaren onerako. Ez dut gogoratzen nork esan zuen, baina bat nator esaldi honekin: uko egitearen artea da muntatzea.

"Asko maite nituen gauza ugari utzi behar izan ditut kanpoan, filmaren onerako"

Lengoaia zinematografikoari dagokionez, zer plano mota lehenetsi dituzu istorioa kontatzerako orduan?

Oso argi neukan aldendu egin nahi nuela musika-taldeei buruzko ikus-entzunezkoetan oso sarritan ikusten ditugun plano ikusgarri horietaz, bideo-klipen edo zuzeneko kontzertuen lengoaiaz. Plano luzeak egin nahi nituen, protagonistak gertutik erakusten zituztenak, lehen planoak batez ere; emozioak agertzen dira hor, ikus-entzuleari aukera ematen diozu pantailan dagoen pertsona hori ezagutzeko neurri batean.

Filmaren gauzarik politena izan da kontzertuetara joatea eta kamerari bira ematea: taldeari begira egon ohi gara beti, eta, emanaldi horietan, bi orduz jendea filmatu nuen, zer sentipen zituzten, zer emozio… Oso polita izan da.

Zuretzat horren polita izan den hori, zaleak gertutik filmatzea, nola bizi izan dute protagonistek?

Egia esan, harritu nau haien gogoak, ilusio handia egiten zien dokumentalean egoteak. Urduri jarri arren, haien nahia hori baino indartsuagoa izan zen. Niri horrelako zerbait proposatu izan balidate, oso-oso urduri jarriko nintzen eta taldearen emanaldiaz ez nuen horrenbeste gozatuko ziur asko, baina filmean azaltzen diren zaleak oso gustura egon dira, naturaltasun handiz.

Haiek eroso sentitzea oso garrantzitsua izan da niretzat, haiei konfiantza ematen saiatu nintzen aurreneko momentutik.

Zer moduz moldatu zara Berri Txarrak taldeko kideekin?

Sekulako pertsonak dira Gorka [Urbizu], David [Gonzalez] eta Galder [Izagirre], eta baita lantaldeko gainontzeko kideak ere, hasiera-hasieratik oso jatorrak izan ziren nirekin, erraztasunak besterik ez zizkidaten eman. Normalean, emakume bezala, ez da oso normala izaten gizonezkoen artean eroso egotea, baina, kasu honetan, aurreneko momentutik desagertu zen errezelo hori.

Irudi eta hitzezko testigantzez gain, taldearen beraren zenbait kanta dira Dardara-ren elementu narratibo garrantzitsu bat. Errepertorio oso zabala izan dela aintzat hartuta, nolakoa izan da hautaketa-prozesua? Muntatzerakoan, irudiak eta gero musika, alderantziz, edo dena batera?

Biak batera. Filma egiterakoan, letrak begiratu eta kanta-sorta bat interesatzen zitzaidan, baina zale bakoitzari kanta desberdin bat gustatzen zaio, eta hor ez dut ezer esateko nik. Une magiko bat gertatzen denean, berdin du zerrendan zein abesti dagoen, momentu hori bakarra da.

Dardara 2019. urtean hasi zinen grabatzen, eta 2021eko martxoan estreinatu da. COVID-19aren pandemiak izan du eraginik prozesuan?

Bai, erabatekoa. Muntatzailearekin, Diana Toucedorekin, esate baterako, distantzian egin behar izan nuen lan, pandemia betean hasi ginelako filma editatzen. Bagenituen grabaketa batzuk programatuta eta atzeratu egin behar izan genituen, baina zorionez dena ongi atera zen. Eskerrak bira pandemia hasi aurretik amaitu zela, bestela ez zen dokumentalik egongo!

Erlazionatuak

Dardara dokumentala

Txintxarri Aldizkaria 2021 api 08 Kultura