'APELLIDUAK ABIZENDU'

Gaztelaniazko grafiaz idatzitako abizenak euskalduntzeko kanpaina abian da

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 14a, 09:00

Alberto Agirrezabala bake epaitegiko langilea eta Jon Antxordoki Udaleko Euskara batzordeburua, udaletxearen sarreran.

Gaztelaniazko grafiaz idatzita dauden abizenak –Arregui, Churruca, Loyarte edo Echeverria, esate baterako– euskaldundu nahi dituzten herritarrek badute horretarako aukera Apelliduak abizendu kanpainaren bitartez. Beterri-Buruntzako gainontzeko herriekin batera, Lasarte-Oriako Udalak martxan jarri du kanpaina hori aurten ere.

Abizenak euskaldundu nahi dituzten lasarteoriatarrek joan beharko dute Udaletxera eta Bake Epaitegira. Donostian jaiotakoek hiri horretako Erregistro Zibilera ere joan beharko dute. Prozesua martxan jartzeko hiru agiri bildu beharko dituzte: errolda-agiria, Udaletxean eskatuko dena; jaiotzagiri literala, Bake Epaitegian edo, Donostian jaiotakoen kasuan, Donostiako Erregistro Zibilean eskuratuko dena; eta NAN agiria.Ezkonduta daudenek edo seme-alabak dituztenek famili-liburua ere eskura izan beharko dute. Behin dokumentu horiek guztiak eskuratzean, Bake Epaitegira joan behar da eta bertan egiten dute aldaketa. Tramitea "oso erraza eta sinplea" dela nabarmendu dute Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuko buru Jon Antxordokik eta Bake Epaitegiko langile Alberto Agirrezabalak. 

2000. urtetik martxan 

Erregistro zibilaren legearen 40/1999 erreformak ahalbidetu zuen deiturak zuzenean euskalduntzea, ordura arte abizenak aldatzeko prozeduraren bitartez egiten baitzen hori. Orduz geroztik, makina bat izan dira apelliduak abizentzera animatu diren pertsonak. 

Esan bezala, Beterri-Buruntzako herri guztietako kanpaina martxan dago aurten ere; 2009-2010 ikasturtean euskarazko egitasmoak elkarrekin burutzeko plan bat adostu zuen eskualdeko udal guztiek: horretan jaso zuten Apelliduak abizendu.

Lasarte-Oriako Udalak gutun bana bidali die 18 urte bete dituzten herritar guztiei, prozesuaren nondik norakoak azaltzeko. Zalantzak izanez gero, euskara@lasarte-oria.eus helbidera idatzi daiteke, edo 943 37 61 84 telefonora deitu. 

Erlazionatuak

"Prozesua bake epaitegietan hasten da"

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 30 Euskara

"Erraz egin nuela gogoratzen dut"

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 30 Euskara