Apirilaren 25ean egingo du udalak lurrazpiko zabor-edukiontzien gaineko herri-galdeketa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 12a, 17:28

Hamahiru egun barru jasoko ditu Lasarte-Oriako Udalak lurrazpiko zabor-edukiontziak mantentzeari edo kentzearen inguruko herritarren iritziak, apirilaren 25ean, igandearekin. Horrela jakinarazi du Agustin Valdivia alkateak eta Nagore Duran, Parte-hartzeko zinegotziak astelehen goizean egindako prentsaurrekoan.

Azaldu dute jakin badakitela herritarren artean "eztabaida irekia" dagoela zaborrak kudeatzeko erabili beharreko kudeaketa-eredurik onenaren gainean, eta gaiaren inguruan erabaki bat hartu aurretik, lasarteoriatarrei hitza ematea erabaki du. Herri-kontsultan parte hartzeko deia luzatu dute udal ordezkariek. 

Apirilaren 25ean izango da herri-galdeketa eta 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango dute herritarrek bertan parte hartzeko aukera. Sei gune zehaztu dituzte horretarako: udaletxeko erregistroa, kultur etxea, Mirentxu, pabiloia, gaztelekua eta Basaundiko bulegoa. Sei leku horietako edozein, baina bakarrera hurbildu beharko dira, herritarrak, bozka ematera. 

Jakinarazi dutenez, Lasarte-Orian erroldatuta dauden hemezortzi urtetik gorako pertsonek izango dute bozka emateko aukera. Hautesontzian emango da bozka boto-txartelen bidez eta gutun-azal itxian. Boto-txartelak eta gutun-azalak bozketa-lekuetan egongo dira. Gainera, sistema informatiko bat erabiliko dutela ere azaldu dute. 

Boto-txartelak ere erakutsi dituzte prentsaurrekoan eta honako galdera agertzen da horietan: Zer egin behar du udalak egungo lurpeko edukiontziekin? . Erantzun posibleak, ordea, bi izango dira: mantendu edo ezabatu. Parte-hartzera joaten den herritar bakoitzak eman nahi duen erantzunaren araberako boto-txartela aukeratuko du. 

Herri-kontsultaren emaitza loteslea izango dela ere azpimarratu dute, baldin eta gutxienez, herritarren %30ak bozkatzen badute. Hori horrela gertatu ezean, udalak "ikusiko du" zer egin.

Lurrazpiko zabor-edukiontzien aldeko eta kontrako alderdiak ere jarri dituzte mahai gainean Valdiviak eta Duranek. Aldeko alderdien artean hauek zerrendatu dituzte: 

  • Herritarrak dira etxeko hondakinak behar bezala bereizteaz eta kontsumo arduratsu batez kontzientzia hartu behar duten eragile nagusiak. 
  • Lurpeko edukiontzien bidez, lurrazaleko sistemek eragiten duten inpaktu estetikoa desagerrarazi nahi da. 
  • Orohar, hondakin-edukiontziak nahiz lurpekoak mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude. 
  • Hondakinak ez dira agerian geratzen, baina ez hori bakarrik; bestelako edukiontziek usain txarrak izan ditzakete eta bere inguruko bideetatik igarotzea oztopa dezakete. Lurpeko edukiontziei esker, usainak eta hondakinak lurrazaleraino iristea eragozten da. 
  • Ez diote inguruneari eragiten, hiri-eremua ez dute ia aldatzen eta oso ondo egokitzen dira instalatzen diren espazioetara. Horrez gain, ez dituzte kaltetzen hiri-altzariak eta zoladura. Lurrazaleko edukiontziek baino azalera gutxiago hartzen dute. 

Horrekin batera, lurrazpiko zabor-edukiontzien kontrako alderdiak ere nabarmendu dituzte:

  • Hondakinen kudeaketaren helburu nagusiak murriztea, birziklatzea eta berrerabiltzea dira, baina herritarrek gai horren inguruan arazo bat dugula ez ohartzeak oztopatu egiten du hondakinen bereizketa egokia egitea.
  • Lurpeko edukiontziak ez dira guztiz estankoak, eta arratoiak hustubide edota elektrizitate eroanbideetatik barrena pasatu daitezke.
  • Lasarte-Oria ibaiko terraza batean dago, haran baten hondoan eta gainazaleko maila freatikoa du. Horrez gain, edukiontzien mantentze-lanak egokiak ez direnez, urak edukiontziak hartzen ditu behin eta berriz. Zaborrek berez lixibatuak sortzen dituztela kontuan hartzen badugu, lurzorua kutsatzea eragin dezakete.

Sistemaren egungo egoeraren azterketa

Instalazioaren narriadura-egoera aurreratua da, batez ere xukatze-ponpak funtzionatu ez dutelako. Azken urteetan ponpa berriak jarri dira. 

Bost urtean konponketak eragindako gastuak  
Urtea Gastua
2015 50.852,05 euro
2016 54.527,61 euro
2017 39.251,20 euro
2018 80.480,66 euro
2019 49.086,86 euro

Kanpoko kontratazioak eta udal-brigadako gastuak gehituz, urtero 100.000 euro inguru inbertitzen ditu, udalak, edukiontzietan.

Mantentze-lanak logistika konplexuagoa eskatzen du, hala nola, kostu handia, huste-denbora luzeagoak eta programatu gabeko matxurak eta geldialdiak, garbiketarako berariazko ekipoen beharra, lan-arrisku handiagoa eta poltsak hartzeko arazoak. Hala ere, kostu ekonomiko hori guztia arindu egingo litzateke mantentze-lan jarraituak eginda eta horren ardura, berariaz, horretan profesionalak diren enpresei esleituta. 

Alternatiben azterketa eta aurkezpena

Alde batetik, lurpeko edukiontziak kentzea, bi aukerarekin, eta, beste alde batetik, edukiontziak prest uztea aztertzen da, horiei dagozkien balorazio ekonomikoak eginda. 

Lurpeko edukiontziak ezabatzeko aukerak Enpresa 1, aurrekontua Enpresa 2, aurrekontua
I. aukera: lurpeko edukiontziak ixtea eta estaltzea 471.101,40 euro -
II. aukera: Lurpeko edukiontziak erabat kentzea 535.909,00 euro 362.741,05 euro
Lurpeko edukiontziak mantentzeko aukera  
III. aukera Aurrekontua
Prest jartzea + mantentze-lanak (1. urtea) 340.035,13 euro
Urteko mantentze-lanen kostua 140.278,75 euro

Edukiontzien erosketa

Gainazaleko sistema jartzeak edukiontzi berriak erostea ekarriko duela ere gogorarazi dute. Halere, San Markos mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenaren arabera, mankomunitateak emango ditu edukiontziak, gastua bere gain hartuz, beti ere, instalazioa pixkanaka, modu progresiboan egiten bada. 

Puntualizazio bat eginez amaitu dute udal ordezkariek agerraldia. Azaldu dutenez, lurrazpiko zabor-edukiontziak mantentzearen alde egiten bada, jakinarazi dute gaur gaurko lurr-azpian dauden edukiontziak besterik ez direla izango, hau da, herriko zenbait tokitan dauden gainazaleko zabor-edukiontziak ez direla lurrazpiko bihurtuko.