COVID-19

Lasarte-Orian 26 kasu atzeman dituzte apirileko aurreneko bost egunetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 6a, 13:03

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, Lasarte-Oria eremu laranjan sartu da, eta herriko intzidentzia-tasa metatua 400etik gero eta gertuago dago. Gaur-gaurkoz 315,04koa da, apirileko aurreneko bost egunetan 26 kutsatze erregistratu ostean.

Koronabirusaren oldarraldia gero eta agerikoagoa da Lasarte-Orian ere. Apiril hasieran, eguneko 5,2 kutsatze erregistratu dituzte gurean; martxoko batezbestekoa, aldiz, 2,1ekoa izan zen. Azken hamalau egunetan 51 positibo detektatu dituzte Lasarte-Orian, eta, horren eraginez, intzidentzia-tasa metatua goraka doa, eta 400eko mugara gerturatzen. Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratu duen herrien zerrendan ez dago Lasarte-Oria, baina, tendentziak beheraka egiten ez badu, laster sar daiteke. 

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan 86 kasu zenbatu dituzte apirilaren 1etik 5era: 26 Lasarte-Orian, 22 Andoainen, 21 Hernanin, bederatzi Astigarragan, zortzi Usurbilen eta bakarra Urnietan. Eremu horian daude hiru herri, eta laranjan beste hiruak; Usurbil 400eko muga gainditzear dago. Andoain eta Lasarte-Oria ere gertu samar daude.