Protesta eta aldarrikapen-ekintza ugari burutu izan dituzte Atsobakar egoitzako langileek, batez ere, Domusvi enpresa hasi zenean zentro hori kudeatzen, 2019ko urriaren 1ean. Iazko urrian, esate baterako, beharginek aditzera eman zuten zerbitzuaren kalitateak "nabarmen" egin zuela okerrera. Orduko horretan, Domusvik erabaki zuen lanaldi osoko kontratua zuen laguntzaile batek erretiroa hartzen bazuen, aldi baterako langile bat kontratatuko zuela enpresak abenduaren 31ra arte, %82ko lanaldiarekin.
Enpresa kudeatzaileak horrela jokatuko zuela jakin bezain pronto, kontzentrazio eta elkarretaratze ugari egin zituzten langileek, eta ondoko aurreikuspen hau zabaldu: lanpostua desagertu egingo zela 2021eko urtarrilaren 1ean. "Datarekin ez dugu asmatu, baina iragarpenarekin bai: apirilaren 1ean laguntzaile-postu bat kenduko du Domusvik", jakinarazi dute egoitzako beharginek. "Egoiliarrek merezi duten arreta eskaintzerakoan, langile bat gutxiago izango dugu".
Domusvik erabili dituen argudioak ez dituzte ontzat jo langileek. "Erabakia justifikatzen saiatzeko, enpresak esan zigun Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako ratioaren gainetik geundela, nahiz eta ratio hori kalitatezko zerbitzua eskaintzeko aski ez izan".