Lasarte: kaso aparte

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 19a, 08:30

Lasarte-Moria, aSUnak neska* gazteen taldea eta Sorgin Jaietako Talde Feminista eragileek idatzi bat bidali dute TXINTXARRI-ko erredakziora. Jarraian irakur dezakezue, oso-osorik:

Lasarte-Oriako Udal gobernuak berriki onartutako 2021eko aurrekontuen harira, eta azaroaren 25aren harira Txintxarrira bidali genuen testuan jakitera eman genuen bezala, sexu-genero eta berdintasun gaiei dagokionez Lasarte-Oriako egoera kezkagarria dela salatu nahi dugu herriko eragile feministok. Gogora dezagun; udalak berak eman zituen datu larri horiek: “Espainiar Estatuan datuek behera egin duten arren, Lasarte-Orian 2020. urtean gora egin dute; 23 atestatu egin dira, hamabi denuntzia eta 37 urruntze-agindu ezarri dira. Gainera, egun 102 urruntze- agindu indarrean daudela jakitera eman dute.

Egoera horren aurrean, gure haserrea eta amorrua adierazi nahi ditugu. Aipatutako datuez gain, herriko eragile feministokin behar baino gehiagotan jarri dira harremanetan indarkeria matxista jasan duten emakumeak*, Udalak emandako erantzuna -edo erantzun falta- dela eta. Halaber, badakigu hainbat herriko emakumek* Donostiara edo beste zenbait herritara jo behar izan dutela instituzioek erantzun egokia eman diezaieten. Xehetasunetan sartu gabe, esan nahi dugu kasu horietako asko zalantzan jarriak izan direla eta beste hainbati entzungor egin dietela. Datu horiek, jada, argi adierazten dute egoera jasaezina dela.

Baina hori gutxi izango balitz, herrian daukagun berdintasun-planak (2016-2019)- edo sasi planak- gure kezka oraindik eta gehiago areagotzen du. Zer dela eta?

  1. Berdintasun-planaren lehen orrian Soraluzeko Udalarentzat egindako plana dela ikus dezakegu. Ez genekien Soraluze eta Lasarte-Oria plan bateratua egiten ari zirenik. Zer antzekotasun dute gure herriak eta Soraluzek? 
  2. Berdintasun-planak kudeaketa egituren atalean berdintasun-batzorde eta berdintasun-kontseiluak aipatzen ditu. Zein dira bi horiek? Nortzuk osatzen dute? Bildu al dira noizbait? 
  3. Berdintasun-planaren ebaluazioa ere, noski, urtero egitekoa omen. Nola da posible gauzatu ez den plan baten ebaluazioa egitea? Gainera, herriko eragileen inplikazioa beharrezkotzat jotzen dute ebaluazioa egiteko. 

Adibide gehiago ere esan genitzake, baina aipatutakoak nahikoak iruditzen zaizkigu harpa-jotze honen argazkia antzemateko.

Eragile feministetako batzuk ere izan genuen Gizarte-Zerbitzuetako Sailarekin elkartzeko aukera, eta, zoritxarrez, argi geratu zitzaigun eragile feminista gisa guri gordetako tokia: zuriketa morerako apaingarriak, hain zuzen. Halaber, bertako langileak lanez gainezka daudela eta Udalak formakuntza nahikorik eskaintzen ez diela ere nabarmen ikusi genuen (berdintasun-planean formakuntza hori eskainiko dela jartzen duen arren).

Eta, hara non, gure “harridurarako” aurtengo aurrekontuetan ere, ez da aurreikusten ez berdintasun-teknikaririk, ez diru partidarik, ez eta urrats feministak egiteko borondaterik ere. Jakin badakigu, pandemia honek herrian bizi ditugun egoerak larriagotu egin dituela alor honetan ere, eta inoiz baino beharrezkoagoa dela egiazko berdintasun-plan bat, berdintasun-teknikari bat eta herritarrok merezi ditugun gizarte- zerbitzu duinak izatea.

Beraz, Udalari eskatzen diogu aitzakiak alde batera utzi, eta zuriketa moretik haratago, beharrezkoak diren baliabide guztiak abian jartzeko borondate politikoa erakustea, egoera larri honi erantzun egokia emateko. Pentsaezina da, 18.000 biztanletik gorako herri batek berdintasun-teknikari eta berdintasun-sailik ez izatea oraindik ere. Lotsagarriena da oinarrizko neurriez hitz egiten ari garela, beste hainbat udalek betetzen dituzten minimo horiez.

Ez da gehiegi eskatze kontua; Lasarte-Oriatar guztiontzako bizigarria den herri baten alde jar daitezkeen oinarrizko neurriak exijitzen ari gara:

  •  Berdintasun teknikari bat.
  •  Berdintasun plana indarrean jartzea eta hori modu eraginkorrean abiaraztea. 
  •  Gizarte Zerbitzuek behar gehien duten horientzako arta duina eskaintzea. Argi dugu, Lasarte-Oriako Udal Gobernuarentzat emakumeok* ez gaudela haien lehentasunetan. Guretzako ere bizigarria izango den Lasarte-Oria baten alde, aitzakiarik ez! Gora Borroka Feminista! 

Lasarte-Moria

Asunak neska gazteen taldea

Sorgin Jaietako Talde feminista

 

 

Erlazionatuak