2021. urteko udal aurrekontuak onartu dira

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 17a, 14:55
Aurrekontuak onartu dira ezohiko udalbatzarrean.

35.645.336 euroko aurrekontua izango du Lasarte-Oriak 2021. urtean. Udal Gobernuaren eta EAJren bozkek ahalbidetu dute onarpena. Helburua pandemiaren krisiari aurre egin eta inbertsio garrantzitsuak martxan jartzea da, hala nola, kiroldegi berria.

Gaur goizean, ezohiko udalbatzarra izan da Lasarte-Oriako Udalean. Gai garrantzitsua zegoen mahai gainean, 2021. urteko aurrekontuak. Horri heldu baino lehen, alkateak 2021-2023 urteetan zehar egingo den inbertsio plan estrategikoa aurkeztu die gainerako alderdiei.

Kiroldegi berria, Atsobakar eremuko kirol-gune berria edo herriko hainbat eremuren berrurbanizatzea dira 2021ean egingo diren inbertsioen artean garrantzitsuenak. Horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko, alkateak 23 milioi euroko balio duen udal ondarea saldu eta 12.000.000 euroko mailegu bat eskatuko duela jakitera eman du. "Inbertsio horiei ezin diegu udalaren diru-sarrerekin aurre egin, eta horregatik, bi bide horiek landuko ditugu".

Inbertsioen harira, EAJ alderdiko kide Jon Antxordokik hitza hartu du zehaztapen bat egiteko: "Inbertsioetan 2021. urtean skate parke eta parkour eremu berria aurreikusten dira, baina batzordean atzera bota zen inbertsio horren ez ginelako ados proiektua aurrera nola eraman den".

Alkateak udal taldearen nahia herriaren eskaerari erantzun ematea dela eta alderdiren batek iritzia aldatzea espero duela erantzun du.

Elkarlaneko aurrekontuak

Jarraian aurrekontuak landu dituzte, Ogasun batzordean onartu ez ziren aurrekontuei egindako hamar emendakin aztertuz: EH Bilduren zazpi, Elkarrekin Lasarte-Oria Puede ELOPen bi eta EAJren bat.

Etxebizitza sozialen gaia aztertzeko proposamenak, COVID-19ari aurre egiteko elkarteei laguntza lerro zuzena sortzea, kiroldegia berriaren barne kudeaketa zehaztuko duen azterketa egitea, eskuhartze sozioedukatibo eta psikosozialeko partida 100.000 euro gehiago handitzea, pobrezia energetikoari aurre egiteko familiei zuzendutako laguntza handitzea edo animalien aisialdirako gune mugatu bat egiteko azterketa bertan behera geratu dira.

EAJren Zumaburu parkeko argiteria eta hesien berrikuntzaren proposamena aurrera atera da. EH Bilduk, ordea, arrakala energetikoari aurre egiteko laguntza atzera bota du alkatearekin zaurgarritasun egoeran dauden herritarrei zuzendutako laguntzetan proposatutako lerroa txertatu eta lerro horretako kopurua 20.000 euro gehitzea adostu ostean.

Aurrekontuak bozkatu baino lehen, 2021. urteko aurrekontuek zero emendakin oso eta 25 emendakin partzial izan dituela jakitera eman du. Horietatik lau atzera bota dira, hamazazpi onartu dira eta zortzik ez dute onespenik izan.

Eta kontuhartzaileak udal plantila organikoaren erregulazioari ezarritako atzera bota behar izan dute udal gobernuko bozkekin. Puntu honek eztabaida luzea sortu du zinegotzien eta idazkariaren, zein kontuhartzailearen artean.

PSE-EE eta EAJren aldeko bozkek aurrekontuen onarpena ekarri du. EH Bilduk eta ELOPek aurka bozkatu dute. 

PSE-EEko alkatea Agustin Valdivia pozik agertu da onarpenarekin eta eskerrak eman dizkie alderdiei aurrekontu hauek lantzeko garaian izan duten prestutasunarengatik. Bereziki, EAJri eskertu dio aurrekontuen aldeko bozka emateko pausoa emateagatik.

Egun herriari eman beharreko egonkortasunarentzako indarren batura beharrezkoa dela azpimarratu du EAJk bere bozka azalpenean. Alderdi jeltzalearen hitzetan, aldeko bozkaren arrazoirik nagusiena udal gobernu eta alderdi jeltzalearen arteko negoziaketetako hainbat puntu txertatu direla da.

ELOPek azaldu duenez, udalak egin nahi dituen inbertsioak beharrezkoak ikusten ditu, baina ez dator bat inbertsio horiek aurrera eramateko egingo den plan estrategikoarekin. "Zorpetzeko garaia dela uste dugu eta patrimonioa saldu edo mailegua eskatzea aukera bat ez dela uste dugu. Proposamen zuhurragoa espero genuen".

EH Bilduren iritziz onartutako aurrekontuek ez diete behar bezala erantzuten Lasarte-Oriako beharrei. "Gure herriko egoera sozialari eta COVIDaren krisiak areagotu dituen beharrei ez zaie behar bezala erantzuten. Adibide gisa, gizarteratzeko udal-laguntzak 37.000 € baino ez dira hazi 2019ko aurrekontuekin alderatuta".

Berdintasun politikei dagokienez ere, "ez ditu Udalean berdintasun-politikak modu integralean ahalbideratzeko nahikoa baliabide pertsonal eta ekonomiko txertatzen, berdintasun-teknikari eta berdintasun-sailik gabe jarraituko du", adierazi du Jon Martin bozeramaileak.

Era berean, aurrekontuek herrian dagoen etxebizitzaren arazoari erantzunik ematen ez duela ere azpimarratu du. EH Bilduren aburuz, inbertsio planak "gure herrian etxebizitza-espekualaziori atea zabaldu eta arazoa gehiago areagotuko du. Salmenta egitasmo horrek datozen urtetan Udaletik etxebizitza-politika publikoak abian jartzea ezinezkoa egingo du, eta etorkizuneko udal gobernuak hipotekatuko ditu".

Udalbatzarraren ostean, alkate Agustin Valdivia eta Iñigo Zabaleta Ogasun batzordeko buruak aurrekontuen nondik norakoak azaldu dituzte. Agerraldiaren informazioa bihar eskainiko dugu.

Udalbatzarreko ezohiko saio ikusi nahi izanez gero, hemen bideoa: