'NEURE KABUZ'

Beti ez gaude berdin

Lierni Rekondo 2021ko mar. 12a, 09:40

Asteartea. Kafe egin berria aurrean eta eginbideen zerrenda buruan; zaintza ardurak, laneko kontuak, unibertsitateko klaseak, bertso sariketa bat eta iritzi artikulua idatzi beharra. Goizeko zazpiak dira eta kolapsatu dut dagoeneko.

Beti ez nago (gaude) berdin. Batzuetan ez naiz indartsu sentitzen publikoki agertzeko edo sortzeko. Buruari kosta egiten zaio kontzentratzea eta sortzaile sena bidetik galdu dudala iruditzen zait. Eta zilegi da horrela sentitzea, edo zilegi izan beharko luke behintzat. Betiko lez, ordea, jokoan sartzen da  autoepailea. Ez delako nahikoa bertso saio txukun xamar  bat egitea edo  erdipurdiko artikulu bat idaztea. Ez delako onargarria ekitaldi, sorkuntza proiektu edo halako proposamen bati ezetz esatea zure burua gaineztear ikusten duzulako. Oso tarte txikia dago autoexijentziatik autodestrukziora, eta ez dira gutxi muga hori zeharkatu ditudan aldiak.

Nire burua zalantzan jartzen dudanetan, gauzak gestionatzeko zailtasunak ditudanetan, hor egoten dira beti.  Hor daude goizeko zazpiretan artikuluaren inguruko mezuei erantzuteko prest dauden lagunak eta egindako bertso sorta bakoitzeko 30 borradoreak irakurri eta aztertuko dituztenak; Munduko saiorik txarrena eginda ere Maialen Lujanbio sentiarazten nauten kuadrillakoak; Momentuko joera tremendista baretzen dutenak; bertsolaritzaren eta sorkuntzaren inguruko nire  dramak entzuten dituztenak zertaz ari naizen ulertu gabe. Nigan nik baino gehiago sinesten duten lagunak, zaintzen nautenak. Ni naiz publikoki agertzen dena, baina, sortzaile edo pertsonaia publiko bakoitzaren atzean (alboan) jende asko dago.

Oihana, Aner, Haizea, Olatz, Ane, Sara,  Alaitz, Intza, Alba ….  eskerrik asko.  Ez da idatzi dudan artikulurik onena, baina beti ez gaude berdin.