Euskal esparruan gertatutako tortura eta tratu txar kasuen gainean hizketan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 5a, 13:16

'Bizikidetza Lantzen'jardunaldien baitan, indarkeria polizialaren biktimen aitortzaren eta erreparazioaren inguruan solastu dira Ana Isabel Perez eta Laura Pego abokatu eta Kriminologiako Euskal Institutuko ikertzaileek. Herritar ugari bildu da kultur etxeko hitzaldi aretoan.

Asteazken eta ostegun arratsaldean izan dira aurtengo Bizikidetza Lantzen jardunaldiak. Asteazkenekoan Zubiak dokumentala eta Maixabel Lasarekin solasaldia izan da kultur etxeko auditorioan. Ostegunean, berriz, mahai ingurua egin dute hitzaldi gelan. Indarkeria polizialaren biktimen aitortzaren eta erreparazioaren inguruan solastu dira Ana Isabel Perez eta Laura Pego abokatu eta Kriminologiako Euskal Institutuko ikerlariak. Gaiaren inguruan egin duten ikerketaren berri eman diete hitzaldira gerturatutako herritarrei. Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren aginduz, 1960 eta 2013 urte artean, euskal esparruan gertatutako tortura eta tratu txarren ikerketako lantaldeko partaide izan dira. 

Pako Etxeberria mediku-forentsea izan da zuzendari eta ikertzaile nagusia, baina Carlos Martin Beristain eta Laura Pego berak zuzendu dute ikerketa. Beraiekin batera, beste 50 pertsona baino gehiago ere aritu dira lanean, horien artean medikuak, psikologoak, juristak eta kriminologoak. Horrez gain, behatzaile internazionalek ikerketa taldearen lana ikuskatu dutela ere eman du aditzera.

Tortura euskal esparruan fenomenora gerturatzeko ikerketa zientifiko bat egitea izan da helburua, eta, horretarako torturaren errolda bat egin eta salaketen sinesgarritasuna baloratzea izan dira jomuga.

Ikerketaren emaitza

Tortura eta tratu txarrengatik 4113 salaketa  bildu dituzte txostenean, guztira 3415 pertsonei dagozkienak. Eta kopuru horiek zenbatzeko hainbat izan dira erabili dituzten froga elementuak:

  • Testigantzak (bideo eta audioak): 1027
  • Dokumentalak: 26.113 baino gehiago
  • Perizialak: Istanbuleko protokoloa

Ikerketaren ondorioak

Egindako ikerketarekin zenbait ondorio atera ditu lantaldeak:

  • Tortura eta tratu txarrak gertatzea ahalbidetzen duten eta giza eskubideen urratze horiek ikertzea galarazten duten arrazoiak daudela, besteak beste, inkomunikazio egoerak.
  • Torturaren ikerketa judiziala oso mugatua dela. 
  • Zigor diziplinariorik ez.
  • Tortura eta tratu txarrak jasan dituzten biktimekiko errekonozimendu eta erreparazio eza.

Hitzaldian zehar, Ana Perezek azaldu du baita ere, 2019. urtean onartutako 5/2019 legearen arabera nork tramitatu dezakeen motibazio politikoaren biktimen errekonozimenturako eskaera, eta hori tramitatu nahi duten pertsonak lagundu eta aholkatzeko prest agertu dira hizlariak. 

Mahai ingurua amaitu aurretik, bertaratu direnek hitz egiteko tarte bat zabaldu dute eta aukera hori baliatu dute hainbat entzuleek adituei galderak luzatu eta zalantzak argitzeko.