'BIZIKIDETZA LANTZEN'

Maixabel Lasa: "Guztiok dugu eskubidea bigarren aukera bat izateko"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 4a, 11:29

Asteazkenean hasi dira Bizikidetza Lantzen jardunaldia. Zubiak dokumentala ikusi dute hamarnaka lasarteoriatarrek kultur etxeko auditorioan: Ia hemeretzi urteren ondoren, Maixabel Lasak, Juan Mari Jauregiren alargunak, Ibon Etxezarreta, bere senarraren heriotzean parte hartu zuen ETAko kidea, bazkaltzera gonbidatzen du. Proiekzioaren ostean, solasaldia eskaini du Lasak berak: "Oso garrantzitsua da desberdin pentsatzen duten horiei entzutea, aberastu egiten gaitu horrek: elkarbizitza posible da".

ETAko Buruntza komandoak Gipuzkoako gobernadore zibil izandako Juan Mari Jauregi erail zuen 2000. urteko uztailaren 29an, Tolosan. Ibon Etxezarreta Etxaniz lasarteoriatarra izan zen atentatu horretan parte hartu zuen pertsonetako bat, eta baita ia hemeretzi urte beranduagoko Zubiak dokumentaleko protagonistetako bat. Bestea, berriz, Jauregiren alarguna, Maixabel Lasa. Azken horrek bazkaltzera gonbidatzen du Etxezarreta, senarra zenaren heriotzaz hitz egiteko. 

Luzemetraia hori ikusi dute lasarteoriatarrek asteazken arratsaldean, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Bizikidetza Lantzen jardunaldien lehen saioa izan da. Baketik fundazioak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu dute ekitaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Bigarren saioa gaur arratsaldean izango da, kultur etxeko hitzaldi-aretoan, 18:30ean. Ana Isabel Perez Machio eta Laura Pego Otero adituek Indarkeria polizialaren biktimen aitortza mahai-ingurua eskainiko dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Solasaldira joan ahal izateko beharrezkoa da gonbidapenak; pertsona bakoitzeko, gehienez, bi.

Lasarekin solasaldia

Zubiak ikusi eta gero, dokumentalaren protagonistetako bat, Maixabel Lasa, ikus-entzuleekin solastu da. Azaldu duenez, ETAren biktimen eta erakunde horretako kide izandakoen arteko topaketak egiteko proiektua 2011n hasi zen, bera oraindik Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako zuzendari zela. "Poztu gintuen proposamen horrek". Urte horretako maiatzean Luis Carrascorekin elkartu zen, Buruntza komandoko beste kideetako batekin, espetxean. "Eskertu nion ETArekin hausteko erabakia hartu izana. Niretzat, hori egiteko gai izateak ausardia erakusten du, asko esan nahi du, heroiak izatetik traidoreak izatera igaro baitziren, horrek esan nahi duen guztiarekin". Ibon Etxezarretarekin, berriz, hiru urte beranduago bildu zen aurreneko aldiz, eta, urteen poderioz, harremana estutu dute, dokumentala grabatzeraino.

"Ikus-entzunezko hori grabatzea proposatu zigutenean, Ibon eta biok kontziente ginen gizarteak entzungo gintuela, eta itxaropenezkoa izan behar zuela mezuak, etorkizunera begiratzekoa", azaldu du Lasak. "Uste dut dokumentalak oso ongi azaltzen duela Ibonek egin duena, ez dela duela bi hamarkadako pertsona bera, berreskuratu dituela duintasuna eta askatasuna, preso baitzegoen, ez soilik zigorra betetzeagatik; ETAren gatibu ere bazen". 

Bigarren aukerak

"Guztiok merezi dugu bigarren aukera bat, gure bizitza berregiteko", azpimarratu du Lasak. Haren hitzetan, mezu hori garrantzitsua da, elkarbizitza sendotzeko eta zubiak eraikitzeko urratsak egin nahi badira. 

Dokumentalean, bi protagonistak bazkaltzen ari direla, honakoa esaten dio Lasak Etxezarretari: "Nik ez dizut esango barkatzen dizudan ala ez, baina bigarren aukera bat eman nahi dizut". Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako zuzendari ohiak azaldu duenez, barkamena hitzak konnotazio erlijiosoa du, eta bera fededuna ez denez, nahiago du bigarren aukera bezalakoak erabili. "Bakoitzak aukeratzen ditu erabiltzen dituen hitzak, eta printzipioak ere bai". 

Lasak esan duenez, ez da "inor baino hobeto ala okerrago" sentitzen ETAkide ohiekin elkartzen hasi eta dokumentalaren gisako proiektuak egiteagatik, baina "errespetatua" izan nahi duela argi utzi du. "Biktimak, gizarte osoa bezala, pluralak gara, desberdin pentsatzen dugu; nirekin ados ez bazaude, ederki, bizitza horrelakoa da, baina horregatik ez diozu gauzak egiteari utzi behar". 

Erlazionatuak

Bizikidetza Lantzen - Mahai-ingurua

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 26 Gizartea