Alegia, aurreko mendearen lehen herenean izan ziren gatazka armatu eta gerra zibilaren ondorioz egoera gogorrera ohitu ziren gure aiton-amonak, eskasian bizitzen asmatu izan zuten eta bizitzari eskatzen ziotena horren araberakoa zen. Gu ordea askoz exijenteagoak gara: ohitu egin gara bizi maila onean bizitzen, bidaiatzen, tabernatako terrazatan orduak pasatzen eta bizimaila “altu” hori normaltzat hartzen.
Munduko paraje gehienetan gertatzen denarekin erkatuta, ez da hala, ordea, eta lehen aipatutako belaunaldiekin alderatuz gero, zer esanik ez. Horregatik, pandemia garaian egokitu zaizkigun estura, muga eta bestelakoen aurrean arrenkura gehiegizkoa agertu baino lehen hausnarketatxoa egin beharko genuke beharbada. Nik hala egin dut eta umiltasun gehiagoz begiratu diot bizi dugun aro honi. Hori, bai Lasarteko kaferik onena hartuz etorri zait burutazioa. Gustukoari uko egin gabe alegia.