Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan bi kasu atzeman dituzte martxoaren 3an: horietako bat Hernanin, eta Lasarte-Orian bestea.
EAEko hiru lurralde historikoetan 331 positibo diagnostikatu dituzte egun horretan, horietatik 78 Gipuzkoan. 9.409 PCR eta antigenoen proba egin dituzte Osakidetzako beharginek; horien positibotasun-tasa %3,5ekoa izan da, aspaldi honetako apalena. LABI aholku-batzordearen mahai teknikoa gaur bilduko da, eta mahai politikoa, berriz, ostiralean: orduan iragarriko dute gaur egun indarrean dauden neurriekin zer egingo duten. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu Gotzone Sagarduik aurreratu duenez, martxoan eta apirilean zehar mugikortasuna "murriztuta" egongo da, baina ez du zehaztu zer mailatan.
Ospitaleen okupazioak kontuan hartzen jarraitzekoa izaten segitzen duen arren, presioa jaisten ari da egunez egun. Osakidetzako zentroetako plantetan 262 pertsona daude ingresatuta, duela astebete baino 51 gutxiago. Horietatik 124k (-2) sintoma larriagoak dituzte, eta ZIU unitateetan ingresatuta daude. Asteazkenean 45 pertsona erietxeratu dituzte COVID-19a dela kausa (duela astebete bezainbeste).