Lasarte-Orian bederatzi ikaslek atera dute gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz 2020an

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 3a, 14:46
Bederatzi sari zozketatu dituzte eskualdean. Lasarte-Oriakoa Larraitz Inza Izagirre gazteak irabazi du (erdian).

Larraitz Inza Izagirre gaztea izan da 2020. urtean eskualdeko sei udalerriek burutzen duten Gidabaimena euskaraz egitasmoan parte hartu duen herritarretako bat: agiri horren atal teorikoa euskaraz atera, eta Lasarte-Orian egin den zozketa irabazi du. Gaur jaso du saria, asteazkenez, Mugica autoeskolako ordezkari Ana Mugica eta Lasarte-Oriako Euskara batzordeburu Jon Antxordokiren eskutik.

Buruntzaldea osatzen duten sei udalek 2009. urtean jarri zuten martxan egitasmoa, "helduarorako urrats garrantzitsu eta erakargarri bat" euskaraz egiteko aukera emateko asmoz. Eskualdeko herritarren artean, gazteengan batez ere, sustatzen da gidabaimenaren atal teorikoa hizkuntza horretan egitea. Urte naturalean prozesu hori egin duten guztien artean zozketak egiten dira, eta, gehien jota, 400 euroko diru-laguntzak eman, gastuak ordaintzeko. Buruntzaldeako bederatzi autoeskolak parte hartzen dutenez, beste hainbeste sari zozketatzen dira.

87 ikasle 2020. urtean

Gidabaimena Euskaraz egitasmoan 108 pertsonak parte hartu dute azken hamar urteetan, batez beste. Guztira, 1.080 animatu dira agiri horren atal teorikoa euskaraz egitera, 2011 eta 2020a bitartean. 2014an jo zuen goia parte-hartze kopuruak: 140 ikasle animatu ziren urte horretan. 2019ko eta iazko datuen artean badago alderik: 124 eta 87 ikaslek eman zuten izena, hurrenez hurren. Buruntzaldeako Euskara-zerbitzuek aditzera eman dutenez, COVID-19aren pandemiak eragina izan du: "Urtea ez zen bereziki ona izan autoeskolentzat, eta normalean baino jende gutxiagok atera du gidabaimena; hori ere sumatu da Gidabaimena Euskaraz proiektuaren parte-hartzean". 

Lasarte-Oriako datuei erreparatuz gero, bederatzi pertsonak atera dute gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz; guztiek, Mugica autoeskolan. Horietatik erdia baino gehiago, sei, herritarrak izan dira. Zozketak eginda eta sariak banatuta, euskara-zerbitzuek itxitzat jo dute 2020ko kanpaina, baina 2021ean martxan jarraituko duela azpimarratu dute. "Bultzada berezi bat" emango zaio maiatzean: Lasarte-Oriako Udalak gutun bana bidaliko die 18 urtetik gorako herritar guztiei; gidabaimena euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emango die, eta hori egitera animatuko.