Gidabaimena euskaraz ateratzea bultzatzen jarraitzen dute eskualdeko udalek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 23a, 12:38
Ezker-eskuin: Jon Antxordoki, Oxkar Santamaria eta Mikel Artola. Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnietako Euskara zinegotziak dira, hurrenez hurren.

Beterri-Buruntzako sei udalek, eskualdeko autoeskolekin lankidetzan, gidabaimenaren atal teorikoa ikastea eta azterketa euskaraz egitea sustatzen daramatzate 11 urte. Tarte horretan, 1.114 pertsonak atera dute agiri hori euskaraz. Egitasmoari buruzko balantzea egiteaz gain, herriz herriko sariak zozkatu dituzte Urnietako Lekaio kultur etxean. Larraitz Izagirre Inzak irabazi du Lasarte-Oriakoa.

Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo Euskara zinegotziak izan dira ekitaldian: Jon Antxordoki, Mikel Artola eta Oxkar Santamaria, hurrenez hurren. Azaldu dutenez, "ezinbestekoa" da belaunaldi gazteei jarduera "garrantzitsu bezain erakargarria" euskaraz eskaintzea. Duela 11 urte jarri zuten martxan proiektua eskualdeko sei udalek: urte horietako bakoitzean, batez beste, 101 pertsonak atera dute gidabaimena euskaraz (guztira, 1.114 izan dira). 

2020an gidabaimena euskaraz ateratzera animatu diren ikasleen artean zozketa egin dute aipatu hiru herrietako euskara zinegotziek. Lasarte-Oriako saria Larraitz Izagirre Inza gazteak irabazi du. Bederatzi autoeskolek parte hartu dutenez egitasmoan, beste hainbeste sari eman dira, 400 eurotakoa horietako bakoitza.

2019an baino ikasle gutxiago

"Euskararen aldeko hautua egiten duten pertsonen kopuruan jauzi kualitatibo bat ematea kostatzen ari zaigu", onartu dute euskara zinegotziek. 2019ko datuak eta iazkoak alderatuz gero, ikus daiteke beherakada egon dela, 37 ikasle gutxiago aritu baitziren 2020an. Dena den, "gustura" daude proiektua egiten ari den bidearekin, arestian esan bezala, 11 urte hauetan 1.114 pertsonak atera dutelako gidabaimena euskaraz.

Hori horrela izanik ere, "gauza dezente" hobetu behar direla nabarmendu dute Antxordokik, Artolak eta Santamariak. Terminologia bateratu bat sortzea eta kalitatezko azterketa ereduak garatzea aipatu dituzte. Eskualdeko udalak egiten ari diren lana goraipatzearekin batera, horien gainetik dauden administrazioek "apustu sendoa" egin behar dutela adierazi dute. 

Azterketa teorikoak euskaraz egiteko aurrerapausoak eman izanagatik, froga praktikoetan jarraipena izan behar duela azaleratu dute euskara zinegotziek, eta baliabide teknologikoetan euskara erabiltzeko aukera bermatu behar dela ere.