Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi oroitu ditu EH Bilduk heriotzaren urteurrenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 28a, 13:20

Askatasunaren parkean dagoen oroitarrian elkartu dira Lasarte-Oriako EH Bilduren ordezkariak bi lasarteoriatarrak gogoratzeko, haien argazki bana jarrita. Abagunea baliatuta, dispertsio politikaren amaiera eta biktima guztientzat "egia, justizia, erreparazioa eta diskriminazio eza" eskatu dute.

Hemezortzi urte bete dira gaur Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi auto istripuan hil zirela, Almeriako espetxera bidean. Joxe Balerdi, Juan Karlos Balerdi presoaren aita, berriz, larriki zauritua gertatu zen. Bi lasarteoriatarrez gain, beste hamalau senide eta lagun ere zendu ziren ezbeharrean. Oroitza xumea egin dio aurten ere Lasarte-Oriako EH Bilduk eta idatzi batean salatu du haien "memoriaren aitotza eskubidea urratzen" ari direla, eta horregatik, biktima guztientzat "egia, justizia, erreparazioa eta diskriminazio eza" eskatu dute. 

Memoria ariketa egin eta horrelakorik gerta ez dadin sufrimendu guztien onarpenean urratsak egin behar direla uste dute. Hala, elkarbizitza demokratiko bat eraikitze bidean ezinbesteko pausotzat jo dute urtarrileko udal batzarrean, lehenengoz eta aho batez, alderdi politiko guztiek bat egin izana Iturralde eta Balerdiren senideen oinazearen aitortzan, dispertsio politikarekiko desadostasunean eta urrunketarekin amaitzeko eskaeran. Bide beretik, 

"Argi eta Iñaki hil zituen neurri politikoak", dispertsioak, martxan jarri zutenetik 30 urte geroago indarrean jarraitzen du; senideak eta lagunak kilometro asko egitera eta errepidean luze ibiltzera behartuz, "horrek dakartzan ondorio guztiekin: nekea, istripuak eta sufrimendua". Era berean, preso politikoen giza eskubideak nahiz senideenak urratzen dituela gogoratu dute, "senideak kondenatuak izan gabe, zigortuak izaten baitira". Horregatik dispertsioarekin amaitzeko deia egin du alderdi abertzaleak.