Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazi diote Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 28a, 09:29

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrenean, otsailak 27,  ohi bezala, elkarretaratzea egin dute. Halaber, sahararrek egun bizi duten egoera bereziki zaila ere azaldu dute. 

Hamarnaka herritarrek parte hartu zuten atzo arratsaldean Okendon egindako elkarretaratzean. Maroko Saharatik at!! Independentzia zioen pankarta eusten zenbait saharar izan ziren, tartean, herrian bizi den Salec Mohamed eta Mustafa Sid Bashir kazetaria. Hogei bat minutuz musikak lagunduta, Sahararen aldeko zenbait aldarri oihukatu zituzten. Ondoren, Sid Bashirrek hartu zuen hitza. Bertaratu izana eskertu zien lasarteoriatarrei eta egungo gerraren ondorioz sahararrek bizi duten egoeraren berri eman zuen. Oraintsu jaioterrian izan da, eta komunikabideek sarrera debekatua duten honetan, lurralde okupatuetan Marokoko armadak egindako giza eskubideen urraketetako batzuk azaldu zituen.

Sahararekin elkartasuna Lasarte-Oria taldeko kideen mozioari erantzunez,  udal ordezkariek azken udalbatzarrean aho batez adostu zuten elkartasuna adieraztea eta 45. urteurrenaren ospakizunekin bat egitea, beraz, ostiraletik SEADeko bandera udaletxeko balkoian izan da. 

Erlazionatuak