Nahia Zudaire: "Ikastea eta bidean disfrutatzea da garrantzitsuena orain"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 26a, 11:30
Arg.: Buruntzaldea IKT

Astean zehar berri eman genuen bezala, Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek 400 m. libre Joko Paralinpikoetako gutxieneko B marka egin zuen. TXINTXARRIk igerilari gaztearekin hitz egiteko aukera izan du. Txapelketa, marka eta etorkizunari buruz mintzo da igerilari gaztea gurekin

Nahia Zudaire igerilariak irakurketa ona egin du Bartzelonako igeriketa egokitutako nazioarteko txapelketaren gainean. "Larunbatean, 400 m. libre proban gustura igeri egin nuen. Beste bi probetan, ordea, aurreko eguneko tentsioa nuen gorputzean eta zail egin zitzaidan hori kudeatzea". Hala ere, horietan egindako lanarekin ere gustura dagoela nabarmendu du Zudairek.

Izan ere, Buruntzaldea IKTko igerilaria ez baitzen nahi zuen bezala iritsi txapelketara. "Ez nengoen eroso azken egunetan egindako entrenamenduekin, eta nire burua ere ez zegoen guztiz zentratua".

Horregatik, 400 metro libre probako marka, hein batean, espero ez zuela onartu du Buruntzaldea IKTko igerilariak. "Banekien lana egina nuela eta horrek emaitza bat emango zuela. Jakitun nintzen borrokan egon ahal nintzela. Jokoek eta gutxienekoa lortzeak bertigoa ematen dute, eta, nire kasuan, txapelketa baino hiru edo lau egun lehenago hasi nintzen beldur hori sumatzen entrenamenduetan". 

Egunean bertan ere beroketetan ongi sumatu ez zela aitortu du; proban, ordea guztia ematea erabaki zuen, eta emaitza paregabea izan zuen. "Emaitza azkenean ezustekoa izan da, baina esperotako zerbait ere bada".

Gainera, 400 metro libreko proba osteko momentuak dramatikoak izan zirela kontatu digu. "Ez zegoen denbora markatzen zuen ezer, markagailua puskatua zegoen. Nik pareta ukitu, eta Euskadiko selekzioko kideak oihuka eta besarkatzen ikusi nituen eta lagun batzuk ere 'Ongi Nahia!! Ongi!!!', oihukatzen zeuden. Eurei begiratu eta buruarekin baiezkoa egin nien, haiek baietz erantzun zidaten... Haiek esandakoaz fio nintzen, ez zen ziurra. Behin betiko emaitzak eman zituztenera arte, beraz, dramatikoa izan zen".

"Bideaz gozatu"

Oraindik Joko Paralinpikoetarako gutxieneko marka lortu duela onartzea kosta egiten zaiola adierazi digu. "Pauso handia eman dut eta bizi nahi nuen esperientzia bat gertuago dut", aipatu du.

Marka lortuta ere, Tokiora joateko gaztea dela pentsatzen du Zudairek. "Nire lehenengo jokoak izan daitezke, eta 16 urte ditut. Hori ez dut ahaztu behar. Horregatik nire adina kontuan izanda prestatuko dugu lehia eta disfrutatuko dut bidea". 

"Nire lehen Jokoak izango dira. Ez da beste txapelketaren modukoa izango, ez da presio bera izango. Nondik gatozen eta gure helburua zein den jakinda; burua galdu gabe... Dena etorriko da. Ikastea eta bidean disfrutatzea da garrantzitsuena orain", atxiki du.

Hala ere, gutxieneko B marka horrek ez dio plaza olinpikoa ziurtatzen, baina, A marka lortzen dutenen plazak betetzen ez badira, aukerak ditu Zudairek Tokion egoteko. "Duela sei hilabete marka hori lortzea ezinezkoa zela esango nizuke, baina ezin da ezinezkoa esan... Orain A marka lortzen edo gerturatzen saiatuko naiz; Jokoetarako txartela ziurragoa izango litzateke orduan. B plazak ez du %100 ziurtatzen Tokion egotea", aipatu digu.

Espainiako paralinpiar taldeak 24 igerilari eraman ahalko ditu Tokiora; hamabost gizonezko eta bederatzi emakumezko. Egun, bost igerilarik bakarrik dituzte A markak eta bederatzik, berriz, B markaren bat, Zudaire horien artean. A marka lortzeko bi txapelketa nagusi izango dituela aurreratu du igerilari gazteak: Espainiako Txapelketa eta Europako Txapelketa. Europako Txapelketa "ahalik eta ongien egoteko" prestatuko dutela nabarmendu du. "Marka errepikatzea oso ondo egongo litzateke, eta jaisten badut, primerakoa".

Jokoetara joateaz gain, marka horrek beste gauza asko esan nahi dituela ere azpimarratu du Buruntzaldea IKTko igerilariak. "Azken urte eta erdian egin dugun lan eskergarengatik asko ikasi dudala da niretzat garrantzitsuena. Iazko urte txarraren ostean, guztia gainditu izana, egoera kudeatzea jakin eta hori lortzea niretzat handia izan da". 

Erlazionatuak