Zudairek Tokioko Joko Paralinpikoetarako gutxienekoa lortu du

Txintxarri Aldizkaria 2021eko otsailaren 23a

Nahia Zudaire Espainiako errekorra egin duela adierazten duen kanpaia jotzen. Arg.: Buruntzaldea IKT

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek Bartzelonan lehiatu zen asteburuan eta 400 m. libre proban S8 mailako Espainiako errekor berria ezartzeaz gain, Tokioko Joko Paralinpikoetarako gutxieneko marka lortu zuen gazteak

Bartzelonan lehiatu da asteburuan Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire. Bartzelonako Igeriketa egokitutako nazioarteko sarian Euskadiko selekzioarekin parte hartu du hiru probetan: 200 m. eta 400 m. libre eta 100 m. tximeleta.  Hiru probetan lehenen artean ibili zen arren, azpimarragarria da 400 m. libreetan egindako lana.

Larunbatean 400 m. libre proba jokatu zuen igerilari gazteak. Bigarren postuan amaitu zuen 5:06,21 denbora egin eta bere marka onduz. Sari bikoitza ere izan zen Buruntzaldea IKTko igerilariarentzat S8 mailako Espainiako errekorra ezarri eta Tokioko Joko Paralinpikoetarako gutxieneko B marka lortu baitzuen.

Igandean, berriz, 200 m. libre eta 100 m. tximeleta probetan lehiatu zen. Goizeko sailkapen probak gainditu eta finaletan izan zen. Tximeletako proban bigarren sailkatu zen 1:24,39 markarekin eta estilo libreko proban, berriz, hirugarren izan zen 2:31,68an kronoa geldituaz.

Tokiorako bidean

Gutxieneko B marka horrek ez dio plaza olinpikoa ziurtatzen, baina A marka lortzen dutenen plazak betetzen ez badira aukerak ditu Zudairek Tokion egoteko. Espainiako paralinpiar taldeak 24 igerilari eraman ahalko ditu Tokiora; hamabost gizonezko eta bederatzi emakumezko. Egun bost igerilarik bakarrik dituzte A markak eta bederatzik, berri, B markaren bat, Zudaire horien artean. 

Buruntzaldea IKTko prestatzaile Borja Apeztegiak adierazi duenez, "helbururik handiena erdietsi du Nahiak. Lortutakoa oso handia da eta eta oraindik ere gauza handiagoak lortu ditzakeela ziur gaude. Orain arte bezela pausoz pauso eta lasaitasunez jarraitzen badu". Eta bide horretan jarraitzeko taldearen animoak dituela nabarmendu du.