COVID-19

Lasarte-Orian kasu bat atzeman dute asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 25a, 13:17

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datu epidemiologikoen arabera, otsailaren 24ra arte 124 kutsatze zenbatu dituzte Lasarte-Orian. Azkena, otsailaren 24an, asteazkenarekin.

2020ko martxotik aurtengo otsailaren 24ra arteko datuak eskuetan, 1.250 herritar kutsatu ditu koronabirusak, biztanleen %6,56. COVID-19a pairatu duten erietatik hamabost zendu dira gurean.

Beterri-Buruntzako udalerrietan zazpi kasu atzeman dituzte asteazkenean: bost Hernanin, eta bana Andoainen eta Lasarte-Orian. Hirugarren olatuaren atzeraldia nabarmena izaten ari da eskualde horretako herrietan, eta, horren eraginez, intzidentzia-tasa metatuak gero eta apalagoak dira. Lasarte-Oriakoa, esate baterako, 141,77koa da gaur-gaurkoz.

EAEko hiru lurralde historikoetan 402 positibo diagnostikatu dituzte otsailaren 24an, horietatik 103 Gipuzkoan. Osakidetzako beharginek 10.179 PCR eta antigenoen proba egin dituzte kutsatze berriak atzemateko; horien positibotasun-tasa %3,9koa izan da.

Oraindik bete samarrak egon arren, ospitaleetako presioa jaisten ari da azken egunetan. 332 pertsona daude erietxeratuta koronabirusarekin, horietatik 129 larriago, ZIU unitateetan. Asteazkenean 57 paziente ingresatu dituzte COVID-19a dela kausa.

KORONABIRUSARI BURUZKO KANAL BEREZIA