COVID-19

Azken zazpi egunetan hirugarrenez, kasu berririk ez dute atzeman Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 24a, 13:27

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, Lasarte-Orian ez dute positiborik diagnostikatu otsailaren 23an. Gauzak horrela, hilabete horretan atzemandako kutsatzeen kopurua ez da igo; 123 kasu zenbatu dituzte gaur arte.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan sei kasu atzeman dituzte asteartean: bina Andoainen eta Hernanin, eta bana Urnietan eta Usurbilen. Intzidentzia-tasak jaisten jarraitzen dute, eta Usurbil gune laranjatik horira igaro da. Lasarte-Oriakoa 183,78koa da gaur-gaurkoz –urtarrilaren 11tik erregistratu den kopuru baxuena–. 

EAE erkidegoan 405 kasu detektatu dituzte otsailaren 23an, horietatik 103 Gipuzkoan. Osakidetzako beharginek 9.543 PCR eta antigenoen proba egin dituzte asteartean; horien posibotasun tasa %4,2koa izan da. 

Osakidetzako ospitaleetan 333 pertsona daude erietxeratuta koronabirusagatik; larri daude horietatik 132, ZIU unitateetan. Asteartean 44 paziente ingresatu dituzte COVID-19a dela kausa. Otsailaren 15etik 21era 80 pertsona zendu ziren arrazoi horrengatik.

Erlazionatuak

Bideo-pilulak: adenobirus txertoak

Elhuyar/Teknopolis 2021 ots 23 Gizartea