COVID-19

Bost positibo berri erregistratu dituzte ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 19a, 14:36

Ia bi hilabetean lehen aldiz asteazkenean ez zuten koronabirus kasurik atzeman Lasarte-Orian; atzo, ordea, bost izan ziren. Hala dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak egunero bezala argitaratu duten datu bilketak. Horiek batuta, otsailaren bigarren erdian sartuta, 118 dira orain artean zenbatutako kutsatuak. 

Azken hiru hilabeteetako herriko datuen alderaketan ikus daitekeenez, otsailekoak urtarrileko baino hobeak direla orain artekoan, bereziki, bigarren zatiari erreparatuta; baina, oro har, abendukoak baino kaskarragoak. Are gehiago, jada, urteko azken hilabete osoan baino kutsatu gehiago zenbatu dituzte otsailean.  

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan hamaika positibo erregistratu dituzten azken 24 orduetan. Esan bezala, bost, Lasarte-Orian; hiru, Andoainen; bi, Usurbilen, eta bat, Hernanin. Urnietan eta Astigarragan, aldiz, bere horretan mantendu dira, kasu berririk ez baitute atzeman. 

Intzidentzia-tasa metatuan gorabeheran badira ere, horrek ez du eremu aldaketarik eragin. Sei udalerriak daude gune gorritik kanpo, 400etik behera, zehazki, eta, Urnieta, esaterako, gune berdetik gero eta gertuago.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ostegunean, 505 positibo diagnostikatu zituzten gauzatutako 10.234 proben bidez. Kasu positibo horietako 149 Gipuzkoan hauteman zituzten; 284, Bizkaian; 67, Araban; eta gainerako bostak EAEtik kanpo bizi diren herritarrak dira. COVID-19ak eragindako 54 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta guztira, 391 dira. Gaixo horietako 156 ZIUetan daude.