Emakume pirata baten abenturak jaso ditu Pablo Barriok 'El Sitio del Fin del Mundo' liburuan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 17a, 12:14
'El Sitio del Fin del Mundo' alegia literarioa argitaratu berri du Pablo Barrio herritarrak.

'El Sitio del Fin del Mundo' eleberria argitaratu berri du Pablo Barrio herritarrak, Txertoa argitaletxearekin. Emakume pirata bat da protagonista: gaztaroan bizi izan zituen abenturak kontatzen ditu, umore eta punk ukituarekin. Aurkezpen gehiago prestatzen ari da idazlea.

La Flamenka ostatuan sartu da bidaiari gazte eta eder bat eguraldia noiz baretuko zain, sekulakoa baita ekaitza. Taberna txiki hori arrantzale herrixka bateko portuaren alboan dago, eta adineko emakume bat da jabea. Denboralea baretu artean, tabernaria hasten da gaztea zenean bizitako abenturak kontatzen sartu berri den bezeroari. Ez dira edonolakoak emakumeak bizitakoak, pirata izan baitzen, eta itsaso zabala zeharkatu bere itsasontziarekin. Erregearen flotak begiz jo, eta mundua amaitzen den tokiraino jarraitu zuen, pirata gazte hori atzemateko asmoz.  

Hori guztia eta balentria askoz gehiago jaso ditu Pablo Barrio herritarrak El Sitio del Fin del Mundo eleberrian. Duela egun gutxi argitaratu zuen liburua, Txertoa argitaletxearekin –beste lasarteoriatar bat da arduraduna, Martin Anso–. Piratei buruzko istorioen hainbat elementu jaso ditu alegia literario horretan, hala nola abordaiak, borrokak, akzioa... Beste batzuk, ordea, berritzaileagoak dira, kontakizunaren protagonista emakumezkoa izatea, esate baterako. Horrez gain, estilo ugari uztartu ditu eleberria idazterakoan: narrazioa, antzerkia eta poesia erabili ditu kontakizuna harilkatzeko.

Dagoeneko aurkeztu dio liburua prentsari, telematikoki, baina aurreratu du prestatzen ari dela hitzordu gehiago. Azaldu duenez, protagonistak "umore eta punk kutsuarekin" kontatzen ditu gaztetan bizitakoak. "Eleberriak gore ukitu bat ere badaukala esango nuke, eta komikiaren tonura hurbiltzen dela". 

Orain arteko literatura-piezak euskaraz idatzi ditu Barriok. Oraingo honetan, ordea, gaztelania erabili du. Eleberri honen bitartez, omenaldi bat egin nahi izan die idazleak Donostiako Piratei eta Aste Nagusiari. Gainera, La Flamenka izeneko taberna bat existitu zen XVII. mendean, eta horri ere keinu bat egin nahi izan dio lasarteoriatarrak.