Heriotzaren eta Hankazikinen arteko istorioa, oholtza gainean

Maddi Zaldua 2020ko mar. 13a, 09:46

Pablo Barrio herritarraren 'Hankazikin' liburua kaleratu berri du Begiko argitaletxeak. 2007. urtean idatzitako antzerki testuarekin liburu kaleratu dute orain, eta 10 urtetik gorako gazteei zuzenduta badago ere, "edonork irakurtzeko modukoa" dela azaldu du egileak. Joseba Larretxea, 'Josevisky' ilustratzaileak jantzi du testua, bere marrazkiekin

"Betidanik" maite izan du antzerkia idaztea Pablo Barriok (Agurain, 1958), baina beti euskaraz. Arreta jartzeko modukoa da azken datu hori, 25 urterekin ikasi baitzuen euskaraz Barriok. Ordurako Lasarte-Orian bizi zen, eta aitortu du erdaldun giroa zuela egunerokoa. "Literaturaren eta komunikabideen bidez jasotzen nuen euskara, eta idazten hasi nintzenean, arazoak izan nituen, pixkanaka ahozkotasuna barneratzen joan nintzen arte". Oroitzen da bizilagunekin erdara hutsean harremantzen zela nahiz eta bizilagun horiek euskaldunak izan, eta, denborarekin, euskarako pausua eman zuten arren, "asko kostatu" zitzaiela. 

Antzerki zalea da, eta dialogoak oinarri hartuta idazten ditu bere antzerki-lanak. Hori izan daiteke nobela batekin ezberdina: elkarrizketa. Gaineratu du ohiko nobeletan elkarrizketak egon daitezkeen bezala irakur daitezkeela paisaiak, deskribapenak, egoerak, eta horiek ez direla agertzen antzerki testuetan. "Antzerki testuetan oharren bidez pertsonaiak kokatu egiten dituzu, baina oinarria dialogoa da [clownean edo mimo lanetan ez dago elkarrizketarik]".

Antzerkia idazteaz gain, herritar batek baino gehiagok ikusi du ziur oholtza gainean antzezten; Santa Ana parodian, besteak beste. "Antzerkia idazten dut, baina ez naiz aktorea".

Gazte literaturaren barruan kokatu badute ere, gaiaren aldetik edozein adinetarako "egokia" ikusten du egileak. "Pertsonaia nagusiak umeak diren heinean, umeen mundua, horien ikuspegitik  planteatzen da". Nafarroako antzerki eskolak eta Iruñeko Udalak antolatutako haurrentzako antzerki testu berrien lehiaketan euskarazko saria jaso zuen 2007an. Orduaz geroztik, itzalpean egin ditu 13 urte, baina azkenean lortu du argitaratzearen ametsa idazleak.  

"Garai hartan, argitaratzeko saiakerek huts egin zuten. Heriotzaren gaia tabua izan da urte luzez, eta zer esanik ez haurrekin... Horrek eragina izan zuen,  eta ez nuen aukera handirik izan. Orain, gutxi, baina zerbait gehiago hitz egiten dugu gaiaz, eta argitaratu dute nire lana". Ez ditu beti haurrentzako antzerki testuak idatzi, helduentzako lanak ere egin ditu: Euskaltzaindiak eta BBK-k antolatzen duten Toribio Altzaga saria eskuratu zuten Ama, hor al zaude? eta Kontrako bidean, eta IX. Serantes Antzerki sariaren akzesita lortu zuen Armiarmategian (isil-mihisilika), besteak beste. 
Hankazikin eta heriotza, oholtzan
Oholtza gaineko teloia zabaldu eta Hankazikin eta heriotza agertzen dira parez pare. "Heriotzak berarekin daraman haur bat da Hankazikin". Ez edozein modutan, ordea, izan ere heriotzak enpatia agertzen baitu Hankazikinekiko: "Heriotzaren gaia modu gozoan kontatzen dut, beti ere, gaiaren gordintasuna alde batera utzi gabe". Aitortu du gaiak seriotasuna eskatzen duen arren, umoretik ere baduela testuak.

Joseba Larretxe (Irun, 1985) Josevisky ilustratzaileak egin ditu Hankazikin liburuko ilustrazioak. Ez zuten elkar ezagutzen aurretik, baina elkarrekin aritu dira liburua osatzeko lanetan, eta "oso gustura" agertu dira lortutako emaitzarekin. 

Txikitatik ari da marrazten Joseba Larretxe. Edonoren antzera, arkatza eskuan jarri eta marrazteko aukera eman ziotenetik, gaurdaino. "Beste edonor bezala lehen aldiz arkatza eskuartean jarri zidatenetik marrazten dut, ezberdintasun bakarra da nik ez diodala marrazkiak egiteari utzi, eta lortu dudan garapena baliatuta, profesionalizatu egin naiz".  Ikasketekin komikigintza zalea da, eta aitortu du aitarengandik datorkiola zaletasun hori: "Txikitan, anaia eta biok ohean etzan eta lotarako ipuinak irakurri beharrean, komikiak irakurtzen zizkigun, teatralizatuta".

Marrazki "errealistak" egin ohi dituela azaldu du. "Pertsonaiak gehiago edo gutxiago karikaturizatzen ditudan arren, beti dute fisikotasuna, pisua eta espazioan behar bezala kokatuko ditut, eta horrek, arkitektoa naizen aldetik, eragina du nire marrazteko moduan".

Hankazikin-en testuari marrazkiak egiten hasteko,  "ezinbestean", testua irakurri du ilustratzaile irundarrak,  idatziaren tonua antzeman eta marrazkiei zer eskatzen dien identifikatzeko. "Nire estiloa alde batera utzi gabe, testura egokituta egin ditut marrazkiak". Horrela, proposamen batzuk aurkeztu zizkion ilustratzaileak idazleari, eta azken horren kontraproposamenekin eginaz osatu dituzte ilustrazioak. 

Elkarlana estuagoa izan dute, ordea, heriotzari itxura emateko orduan, "modu atsegin batean definitu nahi izan dugu heriotza, gogorra da, baina aldi berean, enpatia dauka Hankazikinekiko, eta hor egin genituen aurrera eta atzera batzuk". Bestalde, pertsonaien sexurik ez da definitzen, eta euskararekin alderatu du hori idazleak. "Euskarak duen abantailetako bat da generorik markatzen ez duen hizkuntza dela, eta lan honetako pertsonaiak ere generorik gabekoak nahi izan ditugu". Hori bai, guztiak eszenatoki batean kokatuta daude; teloia zabaldu eta irudien bidez ere ikus daiteke antzerkia dela. 

Larretxek aitortu du oso erakargarria egin zitzaiola Barrioren lana ilustratzea: "Heriotzaren gaiarekin gazteei zuzendutako testu bat zela jakin nuenean, zalantzarik gabe onartu nuen ilustrazioak egiteko proposamena". Hankazikin eskuartean hartuta agertu dira txintxarri-ren hitzordura, eta nabarmendu dute, "gustura" aritu direla elkarrekin lanean eta "oso pozik" daudela lortutako emaitzarekin.