COVID-19

Neurri berriak beharrean, daudenen malgutzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 12a, 12:14

Argazkia: Irekia

Mugen aldaketa astelehen gauerdian sartuko da indarrean. Mugikortasunari eragiten diote moldaketek.

LABI politikoaren bilera ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak prentsaurrekoan ezagutzera eman ditu hartutako erabakiak. Ostalaritzari eragingo zioten neurriak espero baziren ere, ez da halakorik izan; hortaz, EAEko Auzitegi Nagusiak aste honetan ebatzitako behin behineko irekiera bere horretan mantenduko da. Erabaki horren inguruan errekurtsorik jarriko ez dutela ere ezagutarazi du lehendakariak bere agerraldian.

Neurriak:

  • Itxialdi perimetrala mantentzen bada ere, mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimendu dute atari zabaleko kirol jarduerak edota jarduera sozioekonomikoak egiteko. 
  • Udalerri arteko mugikortasuna baimendu dute kirol talde profesionalen eta erdi profesionalen entrenamendu eta lehiaketetarako. 
  • Intzidentzia metatua 500 azpikoa duten udalerrien arteko mugikortasuna ahalbidetu dute kirol federatuko lehiaketa eta entrenamenduetarako, eskola kiroleko entrenamenduetarako eta gimnasio, klub edo kiroldegien ikastaro nahiz jardueretarako. 

Orain arte indarrean zeuden gainerako neurriak bere horretan mantenduko dira. Besteak beste, eremu gorrian dauden udalerrietan eskola kirolik eta taldean kirola egiteko aukerarik ez da.

Urkulluren esanetan hartutako neurrien "oinarrizko helburua da, oraindik ere, konfinamendu zorrotza, osasun-kolapsoa, hezkuntza-itxiera, koma ekonomikoa eta gizarte-arrailak areagotzea saihestea". Indarrean dagoen dekretua 20 egunez luzatuko dute, martxoaren 5era arte, egoera epidemiologikoak ez badu LABI aurrez biltzera behartzen.