OSTALARITZA

Eremu gorrian dauden udalerrietako taberna eta jatetxeei irekitzeko baimena eman die EAEko Auzitegi Nagusiak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 9a, 14:21

Lasarte-Oriako tabernek eta jatetxeek gaur bertan berrireki ahalko dituzte ateak, eta baita gaur-gaurkoz eremu gorrian dauden gainontzeko EAEko udalerrietakoek ere, behin-behinean. EAEko Auzitegi Nagusiak jakinarazi du onartu egin duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek aurkeztutako helegitea; auzia aztertu eta erabaki definitiboa hartzeke dauka oraindik.

Ostalariek gaur egun indarrean dauden neurriak errespetatu beharko dituzte: barran ezingo da kontsumitu, terrazetako mahaietan lau pertsonek eseri ahalko dute eta ez gehiago, barrualdean eserita kontsumitu beharko da, gehienezko aforoa %50ekoa, 06:00etan ireki eta 20:00etan itxi... EAEko Auzitegi Nagusiak adierazi du, neurri horiek betez gero, taberna eta jatetxeak irekita egoteak ez duela osasun publikoarentzat "arazo larririk eta arriskurik" eragiten. "Ezin daiteke argi erakutsi ostalaritza negozioak irekita egon izanak eragin duenik azken asteetan koronabirusaren intzidentzia nabarmen igo izana", gaineratu du. Dena den, arestian esan bezala, ebazpena behin-behinekoa da; denbora gehiago hartuko du organu horrek auziaren muina aztertu eta behin-betiko erabakiaren berri emateko. 

Eusko Jaurlaritzak bost eguneko epea izango du erabaki hori inpugnatzeko. Era berean, LABI aholku batzordea ostiral honetan batzartuko da, hilak 12, egoera aztertu eta neurri berriak ezarri ala ez erabakitzeko. Ikusteke dago murriztaileagoak izan daitezkeen edo ez. 

Lasarte-Oria urtarrilaren 22an sartu zen eremu gorrian, eta lau egun beranduago itxi behar izan zituzten negozioak herriko tabernek eta jatetxeek; duela bi aste, hain justu. Urtarrilaren 25ean manifestazioa egin zuten, Okendo plaza abiapuntu eta helmuga hartuta, bizi duten egoera "larria eta prekarioa" salatzeko.